Politika -
Bakegintza eta bizikidetza
Erkoreka: 'Quirogak ez du adostutako diskrezioaz jokatu'
Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez duela “funtsik ez daukaten eztabaidak elikatuko”. “PPren baitan dauden eztabaidak estaltzea” nahi du Quirogak polemika horrekin, Erkorekaren ustez.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Bakegintza eta bizikidetzaren inguruko bileren eduki “zehatzak” aireratu dituen ordezkari politiko bakarra Arantza Quiroga EAEko PPko presidentea izan dela kritikatu du gaur Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak. “Gainerako bozeramaileak leialtasunez eta diskrezioz jokatu dute”, gaineratu du.
Azken asteetan Urkullu lehendakariak EAEko alderdi politikoekin egindako bilerak izan ditu hizpide Josu Erkorekak astearteroko agerraldian.
Nabarmendu duenez, Urkulluk ez du inoiz bilera horien xehetasunik eman, bai ordea, Quirogak.
Hala ere, Jaurlaritzak adierazi du ez duela “funtsik ez daukaten eztabaidak elikatuko”. “EAEko PPren barruan dauden eztabaidak estaltzea” nahi du Quirogak ika-mika horrekin, Erkorekaren ustez.
Bestalde, Quirogak atzo esan zuen ETArekin hitz egitea “antidemokratikoa” litzatekeela eta, horren harian, Erkorekak gogoratu du hitz horiekin Suarez, Calvo-Sotelo, Gonzalez, Zapatero edota Aznar presidente ohien “izaera demokratikoa” kolokan jarri zituela. “Ez dakit Quirogak horren urrun joan nahi zuenik”, gaineratu du.
Bilera Rajoyrekin
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin egin zuen bileran, Urkulluk “bakegintza eta bizikidetza plan oso bat” aurkeztu ziola berretsi du Erkorekak: ETAren desarmea, egindako kaltearen aitorpena, biktimen egoera erreparatzea, espetxe politikaren malgutasuna eta EAEn nagusi diren lau “tradizio polítiko nagusien adostasunaren beharra” jasotzen ditu dokumentu horrek.
“Bost zutabe hauek beti defendatu izan ditu Urkulluk, izan dituen elkarrizketa guztietan, bai Espainiako presidentearekin egin zuen bileran, bai Arantza Quirogarekin egin zuenean eta baita PSE-EE, PSOE eta ezker abertzalearekin hitz egin zuenean”, nabarmendu du.
Horren harian, Urkulluk ez duela inoiz bakegintzaren inguruan egindako bileren “eduki zehatza” aireratu gaineratu du.
Kontaktuak ETArekin
Bestalde, Erkorekak ez du baztertu desarmea “lehenbailehen” gauzatu dadin ETArekin hitz egitea eta Jaurlaritza “diskrezioz” lan egiten ari dela gaineratu du.
Azpimarratu duenez, Gobernuak “bere esku dagoen guztia” egin du eta ez du “aukera bakar bat ere” baztertuko.
Egiaztatzaileek Euskal Herrira egingo duten hurrengo bisita ofizialaren inguruan, baliteke Urkulluk beste bilera bat egitea, Erkorekaren hitzetan.