Politika -

Kongresua martxoan

Tentsioa PP barruan, Oyarzabalek karguan jarraitu ala ez erabakitzeko

Quirogak kargutik kendu nahi duela zabaldu dute hedabide batzuek. Arabako ordezkariek  jarraitzea nahi dute; Bizkaiko kideek, berriz, ordezkari gehiago nahi dituzte alderdiaren zuzendaritzan.

Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusia.
Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabalek EAEko PPren idazkari nagusi izaten jarraitu behar duen ala ez, horixe da orain alderdiak duen gatazka nagusia, kideen artean tentsioa areagotu duena. Bestalde, gaur amaitzen da presidente kargurako hautagaitzak aurkezteko epea, eta, oraingoz, Quiroga da hautagai bakarra.

PPko iturriek jakitera eman dutenez, Arantza Quiroga EAEko PPko presidentea EAEko hiru lurraldeetako buruzagiekin bildu zen atzo, Bilbon, alderdiko bigarrena izango dena adostu nahian; Alfonso Alonso (Araba), Anton Damborenea (Bizkai) eta Borja Semper (Gipuzkoa) alderdikideekin, hain zuzen.

Quirogak "aldaketa sakonak" egiteko nahia agertu omen zien mintzakideei, baina hedabide batzuek Oyarzabal kendu nahi duela esan arren, martxoaren 7an, 8an eta 9an Donostian egingo duten Kongresuari begira "egungo egiturari" eutsi nahi diola zabaldu dute beste batzuek. Erabakia "oraindik ez dago itxita", baina Quirogaren asmoa Oyarzabalek bere postuan jarraitzea omen da, Efe albiste-agentziak PPko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.

2008an hartu zuen idazkari nagusi kargua Quirogak, Antonio Basagoiti presidente izendatu zutenean. Basagoitik kargua utzi ostean, baina, Bizkaiko PPk ordezkari gutxiegi ditu alderdiaren egituran, batzuen iritzian, eta pisu handiagoa merezi du; izan ere, Gipuzkoak Quiroga presidentea eta Semper Legebiltzarreko bozeramailea eta Arabak Alfonso Alonso Kongresuko bozeramailea ditu.

Hori dela eta, Bizkaiko popularrek idazkari nagusi kargua nahi dute, eta Anton Damborenea Bizkaiko PPren buru eta Legebiltzarreko Mahaiko kidea izango litzateke hautagaia. "Bizkaiko PPn daude kide gehien, eta idazkari nagusi kargua merezi dugu gutxienez", adierazi dute aipatu iturriek.

Arabako PPk, berriz, Oyarzabalek jarraitzea nahi du, orain arte egindako lana saritzeko, eta lurraldeak Legebiltzarreko taldeari ematen dizkion eserleku kopuruagatik. Gainera, Gasteizeko alkatetza eta Arabako Aldundia ere euren esku daudela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea