Politika -
Artikulua blogean
Bellonen heriotzan 'axolagabekeria' egotzi dio Barrenak Urkulluri
"Egiaztapen tristea da, baina Arkaitz Bellonek, euskal preso politiko bezala, axolagabekeria bakarrik jaso zuen lehendakariarengandik; aurretik, eta baita hil ondoren ere", esan du.
Erredakzioa
Arkaitz Bellon presoaren heriotzaren aurrean 'axolagabekeria' egotzi dio Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari. "Heriotzaren berri jakin zenetik 'missing' dago. Harentzat ez da euskal herritarrik hil espetxean, eta are gutxiago egoera latz horretan, bokazio hilgarria duen espetxe politika baten ondorioz", kritikatu du.
Bere blog pertsonalean kaleratu duen artikulu batean, Barrenak dio "edozein balorazio politikotatik haratago", lehendakariak "humanitate gabezia" erakutsi duela bere isiltasunarekin; "herri baten presidente bati ez dagokion bihozberatasun falta", esan du.
"Inor ezin da ezer esan gabe geratu atxiloketan torturak salatu zituen, autobus bat erretzeagatik 13 urteko espetxe-zigorra jaso zuen, EAEtik urrunen dauden espetxeetara (1.000 km) igorria izan zen, 13 urte luzez lehen graduan eta isolamenduan izan zuten, espetxe-onurarik izan ez zuen eta jipoiak salatu zituen pertsona baten heriotzaren aurrean", gaineratu du.
Barrenaren hitzetan, "inor ezin da ezer esan gabe geratu, eta are gutxiago presidente bat. Errealitatea zera da: Urkullu gazte elorrioarraren presidentea ere bazela, eta haren oinarrizko eskubideak zaintzera derrigortuta zegoela. Egiaztapen tristea da, baina Arkaitz Bellonek, euskal preso politiko bezala, axolagabekeria bakarrik jaso zuen lehendakariarengandik; aurretik, eta baita hil ondoren ere", esan du.
"Inork ezin du baztertu sakabanaketa bake prozesurako erabakigarria dela. Ez dira lortzen ari beharrizan hori bigarren mailako gai bihurtzea, eta horren arrazoia erraza da: espetxe politika aldatzea eta sakabanaketa etetea euskal gizartearen nahia da, zaletasun politikoa batekoa zein bestekoa izanda ere", gaineratu du Barrenak.