Politika -
Elkarrizketa ETB-n
'Presoen bozeramailea' ote den galdetu dio Quirogak lehendakariari
EAEko PPren presidenteak berretsi du Urkulluk "kartzela onurak" nahi dituela presoentzat, eta ETAren amaieran presoak direla bere lehentasuna.
Erredakzioa
Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteak "ETAko presoen bozeramailea" edo "bitartekaria" ote den galdetu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Gainera, Urkulluk presoentzat "kartzela onurak" nahi dituela eta ETAren amaieran Urkulluren lehentasuna presoak direla berretsi du.
ETBn egindako elkarrizketa batean salatu duenez, "nazkatuta eta nekatuta" agertu da lehendakariaren "zenbait jarrerarekin".
Buruzagi popularraren esanetan, "ez dago erdibiderik", eta lehendakariak "aukera egin beharko du". "Lehendakariak presoak jarri ditu ETA amaitzeko lehentasun gisa. Eta hori ez dut nik esaten, iritzi publikoan ikusten da", azpimarratu du.
Horren harira, Iñigo Urkulluk "ETAren amaieraz hitz egiten duen aldiro presoez ari da" eta "alde batera uzten ditu terrorismoari zilegitasuna kentzea eta biktimak", salatu du.
Lehendakariak Mariano Rajoyri presoek dituzten asmoen inguruan azalpenak eman dizkiola eta, Quirogak galdetu dio ea "orain ETAko presoen bozeramailea den".
"Ez dut jokabide hori ulertzen. Bitartekaria al da? Zer jokabide izan nahi du Euskadiko lehendakariak? Zein da bere jokabidea? Zer egin nahi du? Hori da azaldu eta argitu behar duena", gaineratu du.