Politika -
Erreakzioak
Desarmearen atarian gaudela erakusten du ETAren agiriak, EAJren ustez
Egibarren arabera, ETAk "jakin behar du gaur egun zein den bere neurria, non hartzen diren erabakiak eta, besterik gabe, eman beharreko pausoak eman behar ditu".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJko GBBren presidentearen esanetan, ETAren agiria 'beste agiri bat iragartzen duen agiria da, eta ETAk desarmearen eta egitura militarrak eteteko atarian gaudela" erakusten du.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan jeltzaleak ohartarazi duenez, "argi dago" ETAk "politikaz, eta zintzoen eta gaiztoen inguruan, hitz egiteko tentazioa duela", baina, Egibarraren arabera, ETAk "jakin behar du gaur egun zein den bere neurria, non hartzen diren erabakiak eta, besterik gabe, eman beharreko pausoak eman behar ditu".
Testuinguru horretan, nabarmendu duenez, testuan argi agertzen da "laster beste agiri bat" izango dela, "ekarpen garrantzitsuak" egingo dituztela esatean eta ""Foro Sozialak eratutako batzordeari zuzentzen zaionean".
Agiria
"Laster" prozesuari "ekarpen esanguratsuak" egingo dizkiola iragarri du ETAk Gara egunkariari igorritako agiri batean. Egunkariak agiri osoa gaur argitaratu du.
Azken hilabeteetako gertakarien errepaso zabala egiten du ETAk agirian. Gara egunkariaren arabera, "Estatuen blokeo saiakeraren aurrean Euskal Herrian aurrera egiteko aukera interesgarriak azaldu direla uste du ETAk, besteak beste, EPPkren jarrera, Foro Sozialak martxan jarritako Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea eta urtarrilaren 11n Bilbon egindako manifestazioa aipatzen ditu. 'Inflexio puntua' izatea espero du ETAk eta ondorioak izaten hasi dela uste du". ETAren iritzian, "Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio erraldoienari ohiko harrokeriaz erantzun dio Espainiako Gobernuak: ez mobilizazio batek ez bik ez dute Espainiako Gobernuaren politika aldaraziko. Areago, PP-ko agintariak eraso gehiago iragartzen ari dira".