Politika -

Agiria

Prozesuari 'ekarpen esanguratsuak' egingo dizkiola iragarri du ETAk

ETAren hitzetan, "Estatuen blokeo saiakeraren aurrean aurrera egiteko aukera interesgarriak azaldu dira Euskal Herrian, EPPkren jarrera esaterako".

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Prozesuari 'ekarpen esanguratsuak' egingo dizkiola iragarri du ETAk

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Laster" prozesuari "ekarpen esanguratsuak" egingo dizkiola iragarri du ETAk Gara egunkariari igorritako agiri batean. Egunkariak agiri osoa gaur argitaratu du.

Azken hilabeteetako gertakarien errepaso zabala egiten du ETAk agirian. Gara egunkariaren arabera, "Estatuen blokeo saiakeraren aurrean Euskal Herrian aurrera egiteko aukera interesgarriak azaldu direla uste du ETAk, besteak beste, EPPkren jarrera, Foro Sozialak martxan jarritako Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea eta urtarrilaren 11n Bilbon egindako manifestazioa aipatzen ditu. 'Inflexio puntua' izatea espero du ETAk eta ondorioak izaten hasi dela uste du". ETAren iritzian, "Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio erraldoienari ohiko harrokeriaz erantzun dio Espainiako Gobernuak: ez mobilizazio batek ez bik ez dute Espainiako Gobernuaren politika aldaraziko. Areago, PP-ko agintariak eraso gehiago iragartzen ari dira".

"Konponbidea eta bakea lortzeko helburuarekin antolatu daitezkeen elkarrizketa edo negoziazioetan parte hartzeko gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Horietan gure ikuspegia eskaintzeko eta, konponbide integralerako osagaien artean, gure erakundeari zuzenean eragiten dizkioten auziak elkarrizketen agendan sartzeko konpromisoa hartzen dugu", jasotzen du testuak, hitzez hitz.

Azken gertakarien errepasoa egiten du ETAk, baina Arkaitz Bellon presoa hil baino lehen idatzita dago.

Harremanak eta negoziazioak

Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordearekin harremanetan jarriko dela iragarri du ETAk azken agirian, eta konponbidean aurrera egiteko martxan jar daitezkeen elkarrizketa eta negoziazio guztietan parte hartzeko prest agertu da, "gure ikuspuntua emateko eta gure erakundeari zuzenean eragiten dioten gaiak agendan sartzeko". Gai horien artean leudeke, erakundearen arabera,  armagabetzea, presoen egoera, ihes egindakoen egoera eta segurtasun indarrak eta Armada Euskal Herritik ateratzea.

Bestalde, presoen abokatu eta bitartekarien atxiloketak eta Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera aztertzen ditu ETAk. Erakunde armatuak uste du "Urkullu EAEko lehendakariarekiko mespretxua ere izan dela". "EPPK-ren Adierazpenaren ondotik, Urkulluk Espainiako presidenteari bilkura eskatuko ziola iragarri eta gero, Espainiako Gobernuak mezu argia helarazi dio: 'euskal auziari' dagokionez Espainiako Gobernuak Guardia Zibilarekin zehazten duela bere ildoa. Edo bestela esanda, herritarren borondatea bezala, EAE-ko lehendakariaren iritzia ere hutsala dela Espainiako Gobernuarentzat". Hala, ETAk uste du Madrilen ezezkoak entzuten ibili beharrean, Euskal Herriaren borondatea gauzatzeko garaia dela.

Gatazkaren konponbidea lortzeko, Euskal Herria bere osotasunean hartu beharko da kontuan eta eragile politiko, sozial eta sindikal guztien parte-hartzea ezinbestekoa izango da, erakunde armatuaren irudikoz

Indarkeria laga zuenetik hamargarren agiria

2011ko urriaren 20an borroka armatua uzten zuela iragarri zuenetik hamargarren agiria da gaur argitaratutakoa.

Gainera, urtarrilaren 19an ETAk barne komunikatu bat zabaldu zuen bere militantzian indarkeria baztertzen zuela berresteko, Gara-k argitaratu zuenez.

ETAren azken adierazpena irailaren 27an jakitera eman zuten, Gudari Egunean.

Bestalde, Gara egunkariak elkarrizketa zabala argitaratu zuen 2011ko azaroaren 11an. Armagabetzea bere agendan zegoela ziurtatu zuen ETAk. "Gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko logikan konpromisoak hartzeko" prest agertu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea