Politika -
Kontrol saioa
Rajoyri Sorturi baino lehenago bidali zizkion Urkulluk proposamenak
Ezker abertzaleari proposamenak "azpitik" ematea egotzi dio Quirogak Urkulluri, baina lehendakariak nabarmendu du Espainiako presidenteak dokumentu horiek "aurretik" izan zituela.
Erredakzioa
ETAren amaieraren inguruko proposamenak Mariano Rajoy presidenteari ezker abertzaleari baino arinago bidali zizkiola azpimarratu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak Sorturekin egindako bileren inguruan galdetu dio lehendakariari. Horrez gain, ETAren amaierari aurre egiteko ezker abertzaleari emandako proposamenei buruz ere galdetu dio.
Ezker abertzaleari proposamenak "azpitik" ematea egotzi dio Quirogak Urkulluri, baina lehendakariak nabarmendu du Espainiako presidenteak dokumentu horiek "aurretik" izan zituela.
Quirogak berak proposamenak mahaiaren gainean dauzkala gaineratu du Urkulluk, eta PPko presidentearen jokabideak "gauza hauek esatera" behartzen duela salatu du.
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko bakerako lantaldearenganako "konfiantza" kolokan dagoen ere galdetu dio Quirogak Urkulluri.
Lehendakariak erantzun dio "konfiantza osoa" duela bakerako lantaldean, nahiz eta bertan EAJ eta EH Bildu baino ez egon.
Bestalde, "zoru etikoak" jasotako printzipioen inguruan lanean jarraituko dutela azpimarratu du.
Espetxe-onura jakin batzuk zehaztea ETAren amaierarako baldintza gisa ukatu du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak ohar batean esan duenez, "gezur biribila da lehendakariak Mariano Rajoyri eginiko proposamenean espetxe-onura jakin batzuk zehaztea ETAren amaierarako baldintza gisa". "Lehendakariaren proposamenak ETAren indarkeriaren amaiera ordenatua eta baldintzatu gabea ditu xede, indarrean den espetxe legediaren barruan", gaineratu du.
Ohar batean, Lehendakaritzak era horretan erantzun dio Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteari. Azken horrek Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari ETAko presoek "Legearekin bat ez datozen onurazko neurriak" izatea proposatu ziola adierazi du, bere hitzetan, ETAren desegitea ez delako emango erabaki hori hartu ezean.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, "ez Eusko Jaurlaritzak, ez lehendakariak, ez dute jendaurrean hitz egin Espainiako Gobernuaren presidentearekin izandako bileraz". "Lehendakariak inolako arazorik gabe onartzen eta defendatzen du, hala pribatuan, nola publikoan, Espainiako gobernuaren presidenteari adierazitakoa, bai eta onartu eta defendatu ere, alderdi politikoei helarazitako proposamenak", nabarmendu du.
Horren haritik, hala Espainiako Gobernuaren presidenteak, nola Euskadiko PPk, lehendakariak auzi horren gainean lan egiteko erabilitako "dokumentazio guztia" jaso dutela azaldu du.
Gobernuak kartzela-politika aldatuko ez duela esan dio Urkulluri
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak ostiral honetan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "oso ondo" daki kartzela-politika zein den, eta ez duela aldatuko nabarmendu du, duela gutxi Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy presidenteari proposatutako planaren harira.
"Eusko Jaurlaritzak oso ondo daki gure jarrera zein den. Terrorismoaren kontrako gure politika ez da aldatu, eta ez da aldatuko, kartzela-politika bezala", azaldu du Saenz de Santamariak, Ministroen Kontseiluan Urkulluk Rajoyri asteartean egindako proposamenari buruz galdetuta.