Politika -

Epaiketa

Ertzaintzak ez duela torturatzen adierazi du Aresek epailearen aurrean

Aresen aginduz Ertzaintzak torturatu egiten zuela esateagatik, Herrizaingo sailburu ohiak Alfonso Zenon abokatuaren kontra jarritako salaketaren ahozko saioa izan da Bilboko epaitegian.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiak epailearen aurrean adierazi duenez, "Ertzaintzak ez du torturatzen" eta ez zuen hori egiteko inolako agindurik eman. Halaber, gaurko deklarazioan bere ohorea eta sinesgarritasuna, eta Ertzaintzaren profesionaltasuna eta lana babestu nahi izan dituela nabarmendu du.

Aresen aginduz Ertzaintzak atxilotu batzuk torturatu egin zituela esateagatik, duela hiru urte Herrizaingo sailburu ohiak Alfonso Zenon abokatuaren kontra jarritako salaketaren ahozko saioa izan da goizean.

Epaitzen ari diren gertaerak 2010eko urtarrilean gertatu ziren. Orduan, Ertzaintzak hainbat lagun atxilotu zituen Ondarroan, herriko Ertzain etxearen kontrako atentatua eta eraso terroristak egitea egotzita.

Alfonso Zenon Castro abokatuak Ertzaintzak, ustez, atxilotuei eman zien tratua gaitzetsi zuen, eta Aresen aginduetara zegoen Ertzaintzaren dibisio berriak torturatu egiten zuela salatu zuen.

Adierazpen horien ondotik, Aresek Zenon abokatuaren kontrako salaketa jarri zuen eta Bilboko 3. zenbakiko epaitegiak tramitera onartu zuen.

Atxilotuek kontatu zioten ustezko torturen kontakizuna egin du Alfonso Zenon abokatuak epailearen aurrean. Galdeketak bideoz ez grabatzea eta atxilotuek deklaratzen zuten bitartean bera aurrean ez izatea eta atxilotuei konfiantzazko medikuarekin hitz egiten ez uztea salatu du.

"Interesatzen dena orduan esan nuen esaldia baldin bada, ba bai; nire defendatuekin nuen betebeharra zen eta berriz ere tratu txarrak salatuko nituzke" . Dena den, bere asmoa ez zela Aresen eta beste inoren ohorea iraintzea azaldu du.

Epailearen aurrean deklaratu aurretik, kazetarien aurrean hitz egin du Rodolfo Aresek. Horren esanetan, abokatuak barkamena eskatzeko eta esandakoa zuzentzeko aukera izan du, baina ez du horrelakorik egin. "Torturarik ez dela izan frogatu da", gaineratu du. Bere ohorea eta sinesgarritasuna eta Ertzaintzaren profesionaltasuna eta lana defenditzea ezinbestekoa zela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak