Politika -

Elkarrizketa

Armagabetzea errazteko pausoak ematea eskatu dio Mintegik Gobernuari

"Gatazka politiko honetan faktore eta protagonista asko egon dira, eta guztiek eman beharko dituzte pausoak, eta ez dut uste fokua alde batean bakarrik jarri behar denik", Mintegiren arabera.

Laura Mintegi Euskadi Irratian. Argazkia: EiTB
Laura Mintegi Euskadi Irratian. Argazkia: EiTB
Laura Mintegi Euskadi Irratian. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen iritziz, ETAk armak uzteko pausoa eman dezan "klima egokia sortu behar da guztion artean"; izan ere, "hau ez da alde bakar baten arazoa, eta Espainiako Gobernuak ere urratsak egin beharko ditu, hemengo alderdiok bezala".

Mintegiren esanetan, "kontu guztiek bere testuingurua dute, eta gatazka politiko honetan ere faktore eta protagonista asko egon dira. Alde guztiek eman beharko dituzte pausoak, eta ez dut uste fokua alde batean bakarri jarri behar denik".

Euskadi Irratiko Faktoria saioari eskainitako elkarrizketan, benetan gatazka aroarekin amaitzeko borondaterik dagoen galdegin dio bere buruari. "Alderdi politikoak ETAren armagabetzeaz lasaitasunez eta normaltasunez hitz egiteko gai izango bagina, bidea asko erraztuko litzateke", azaldu du.

ETAko presoen egoera ere hizpide izan du, eta hartu nahi ez diren erabakiak badaudela salatu du: "Legedi aldetik ez dago eragozpenik sakabanatuta dauden presoak Euskal Herrira gerturatzeko, epaile askoren arabera. Bihar bertan egin daitekeela diote, ez dagoela legerik aldatu beharrik, eta, hala ere, ez dute egiten".

"Milaka eta milaka herritar ez ziren atera kalera urtarrilaren 11n ETAren armagabetzea eskatzeko, konponbidearen alde baizik. Hori lortzeko bidean presoak etxera gerturatzea ezinbestekoa da, eta hainbat eragile sozial eta epaile ere hori eskatzen ari dira", azaldu du.

Bakegintza eta elkarbizitza

Bestalde, bakegintza eta elkarbizitza alorrean Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean hurbilketa bat egotea logikotzat jo du; izan ere, "biok ere bakearen eta elkarbizitzaren alde egin dugu".

"Eusko Jaurlaritzak. bere modura bada ere, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egin du, eta EH Bilduk erabateko apustua egin du. Beraz, oso logikoa da, diferentziak diferentzia, gerturatze bat egotea", azaldu du.

Biktimen testigantzak ikasgeletan

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana aurkeztu zuen atzo hezkuntza alorrari begira, eta, horren arabera, terrorismoaren biktimek eta Poliziaren gehiegikeriak jasan dituztenek beren lekukotza emango dute ikasgeletan.

Mintegiren esanetan, "oraindik gizartean gaiaren gaineko adostasunik ez dagoen honetan, plan hori pixka bat behartua da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea