Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Oyarzabal: 'EAEko PPk indarra hartu du Batzar Nazionalean'
EAEko PPko idazkari nagusiaren esanetan, euren apustuak "moderazioa" eta "alderdia zentrora eramatea" dira.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusiaren esanetan, EAEko PPk berak eta Arantza Quiroga presidenteak "indarra" hartu dute alderdiak Valladoliden asteburuan egindako Batzar Nazionalean.
"Batzar Nazionalak babestu egin du EAEko PPren diskurtsoa, hau da, lurraldean sustraiak izatea eta besteei eskua luzatzea", adierazi du.
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, EAEko PPren apustuak "moderazioa" eta "alderdia zentrora eramatea" direla azaldu du.
Bestalde, Mari Mar Blanco Europako hauteskundeetarako zerrendaburua izatea ez dutela aztertu esan du.
"Ez ditugu izenak eta zerrendak hizpide hartu. Europari eta hauteskunde horien garrantziari buruz hitz egin dugu. Mari Mar Blanco aukera bat da, baina badaude beste asko. Azken egunetan entzun diren izenetako edozein hautagai ona izango litzateke", nabarmendu du.
EAEko PPko idazkari nagusi izaten jarraitzeko prest dagoen galdetuta, "lan egiteko gogoa" duela eta "alderdikideek" eskatutako karguan arituko dela erantzun du.