Politika -
Agiria
EPPK-k 'ireki duen ibilbidea'rekin jarraitzeko asmoa berretsi du
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ustez, "bitartekarien aurkako operazio politiko-militarra" presoak isolatzeko ahalegina izan da, baina "Gobernua bere bortizkeriarekin bakarrik" geratu da.
Manu Gimenez / eitb.com
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) berretsi egin du abenduan kaleratu zuen agiriarekin "ireki duen ibilbidea" egiten jarraituko duela, nahiz eta Espainiako Gobernuak "ireki dugun aukera zapuztera, EPPK isolatzera" bideratu bere jarduna.
"EPPK-k adierazpenarekin ireki duen ibilbidea lehertzeko asmotan heldu da bitartekarien aurkako operazio politiko-militar eta mediatikoa. Eragile sozial eta politikoekin, herritarrekin ireki dugun aukera berria zapuztera, EPPK isolatzera. Berandu eta baldar ordea. EPPKren erabakitasuna osoa baita. Oso larria izan da, herritarrek ere horrela sentitu dute. Gobernua bere bortizkeriarekin berriz ere bakarrik", adierazi du Gara egunkarian argitaratutako agirian.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arabera, EPPKren adierazpenak "hautsak harrotu ditu" eta "gehiengo sozial eta politikoarekin bat egin du". "Gobernu espainola geratu da kanpo, bere ukoan kateatuta", horren esanetan.
Durangon preso ohiek egindako agerraldiari buruz, "Gobernuak ez zuen argazkia ikusi nahi baina, batez ere, mezua entzun nahi", azpimarratu dute.
Bestalde, giza eskubideen alde urtarrilaren 11n Bilbon egin zen manifestazioa txalotu dute, "eragile politiko eta sozialen jarrera eredugarria" eta "herritarren erantzuna ikaragarria" izan zelakoan.
Amaitzeko, Espainiako Gobernuak "kartzela politika ez duela aldatuko dioen bakoitzean, aldatu egin beharko duela iragartzen ari da", gaineratu dute.