Politika -
Hautsak harrotuta
Aznar ez da egongo asteburu honetako PPren batzar nazionalean
Presidente ohia ez da Valladoliden izango, eta, horri, Major Orejak eta Vidal-Quadrasek hartutako erabakiak gehitu zaizkio. PP utzita VOXera alde egin du azken horrek.
Erredakzioa
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia ez da PPren batzar nazionalean egongo asteburu honetan, FAES Fundazioak baieztatu duenez. Valladoliden izango da hitzordua, baina fundazio horretarako iturriek azaldu dutenez, Aznarrek konpromisoak ditu Espainiatik kanpo. Zehazki, Israelen dago orain Aznar, eta, handik Londresera, Filipinetara eta AEBra joateko asmoa du.
Aznarrek ez du kale egin PPren azken hiru hitzordu nagusietara: 2011n Malagan eta Sevillan eta 2012an berriz ere Sevillan egin zituzten kongresuetan bai egon zen PPren ohorezko presidentea.
Urak gero eta nahasiago
Aznarren hutsunea are ageriagoa PPren aste honetan bizi duen egoera kontuan izanda. Izan ere, Jaime Mayor Oreja ministro ohiak Europako hautagai izateari uko egin dio eta Alejo Vidal-Quadrasek Alderdi Popularra utzi du, VOX alderdi berriarekin bat egiteko.
Jaime Mayor Oreja Europako Parlamentuan PPko bozeramaileak uko egin dio datozen maiatzeko hauteskundeetan zerrendaburu izateari eta, gertukoek adierazi dutenez, Europako hauteskundeetan Alderdi Popularrak aurkeztuko duen zerrendan joateari ere uko egin dio Mayor Orejak.
Bestalde, Alejo Vidal-Quadras Europako Parlamentuko presidenteorde eta PPko zuzendaritzako kideak alderdia utziko duela adierazi dio Rajoyri, gutun baten bidez. Zuzendaritzarekin izan dituen "desadosasunak" aipatu ditu Vidal-Quadrasek erabakia hartzeko arrazoien artean. 30 urteko militantziaren ondoren, PP uztea erabaki du Vidal-Quadrasek gutun baten bidez. Espainiak bizi duen krisi sakonari "eman beharreko konponbidea" zein den zehazterakoan, besteak beste, PPko zuzendaritzarekin ez duela bat egiten azpimarratu du Vidal-Quadrasek.
Jose Antonio Ortega Lararekin eta Santiago Abascalekin batera VOX proiketu berrian jardutea erabaki du.