Politika -

Aro politiko berria

Ortuzar: 'Terrorismoaren aurkako politika baino, bakearena behar dugu'

EAJren EBBko presidentearen hitzetan, "Euskadi eta Madril artean elkarrizketa falta da", eta horren ondorioz atzeratu da Urkullu-Rajoy bilera.

Espetxe politika "ezberdina" aldarrikatu du Ortuzarrek. EFE
Andoni Ortuzar
Espetxe politika "ezberdina" aldarrikatu du Ortuzarrek. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak azpimarratu duenez, "aro berri honetan ez da terrorismoaren aurkako politikarik behar; bakerako politika behar da". Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin egitekoa duen bileraren harira, bi gobernuen artean dagoen "elkarrizketa falta" dela eta atzeratzen ari dela esan du.

TVEn egin dioten elkarrizketa batean egin dituen adierazpenen arabera, bi agintariak ezagututa, bilera "diskrezioz" egingo dute. "Niri lehenbailehen izatea gustatuko litzaidake. Larregi atzeratu da, eta egia da Euskadi eta Madril artean elkarrizketa falta dela. Guk behin eta berriz esan dugu: aurrera egiteko diagnosi komuna behar da, desadostasunak zeintzuk diren ikusteko sikiera", erantsi du

Bi agintariek "ez dute egoera % 100ean berdin baloratuko", aitortu du, baina, hori gorabehera, "ziur naiz gutxieneko diagnosi komun bat egiteko gai izango direla, aurrera egiteko bidean".

"Iraganeko politikek ez dute balio"

Bake eta elkarbizitza hizpide, "aro berri honetan hizkera aldatu" behar dela azpimarratu du buruzagi jeltzaleak. Izan ere, bere aburuz, "iraganeko politikek ez dute balio. Jada ez dugu terrorismoaren kontrako politikarik behar, Euskadik bakerako politika behar du, ez dago terrorismorik eta", gaineratu du.

Espetxe politika "ezberdina" ere galdegin du Ortuzarrek, "ez, lege aldaketarik".

Urkullu-Rajoy bileran, indarkeriaren amaieraz gain, "Euskadiren estatus politiko berria" ere mahai gainean izango dutela berretsi du EBBko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Andoni Ortuzar albisteak