Politika -

19. urteurrena

Consuelo Ordoñez: 'PPren Gobernuak biktimak mespretxatzen ditu'

Anaiaren diskurtsotik aldendu izana aurpegiratu dio Gregorio Ordoñezen arrebak PPri. "Nahiz eta asko hil, sekula ezer lortuko ez zutela esan zuen Gregoriok", defendatu du.

AOmenaldia Polloeko hilerrian. Argazkia: EiTB
Omenaldia Polloeko hilerrian. Argazkia: EiTB
Ordoñezek kritika zorrotzak egin dizkio PPri bere anaiaren omenaldian

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Consuelo Ordoñezen, Gregorio Ordoñez ETAk hildako PPko buruzagiaren arrebaren, hitzetan, "terroristek hiltzen lortu ez zuten guztia inoiz baino gertuagoa dute orain".

Donostiako Polloe hilerrian Gregorio Ordoñezen hilketaren 19. urteurrena gogorarazteko ekitaldia egin dute gaur. Euskadiko PPko zuzendaritza, UPyD eta Vox alderdietako ordezkaritzak eta Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidente ohia omenaldian izan dira.

Alfonso Alonso, Arantza Quiroga, Borja Semper eta Leopoldo Barreda PPko buruzagiak hilerrian izan dira. Consuelo Ordoñezek Alderdi Popularra gogor kritikatu du. Anaiaren diskurtsotik aldendu izana aurpegiratu dio Gregorio Ordoñezen arrebak PPri.

"Nahiz eta asko hil, sekula ezer lortuko ez zutela esan zuen Gregoriok", adierazi du arrebak. "Hori horrela izan zatekeen bizitzen utzi izan baliote", deitoratu du.

"Baina gauzak asko aldatu dira eta, tristura handia sortzen dit esatea, baina terroristek hiltzen lortu ez zuten guztia inoiz baino gertuagoa dute orain", esan du.

Omenaldia Ordoñez efe

Consuelo Ordoñez, Gregorio Ordoñez ETAk hildako PPko buruzagiaren arreba. Argazkia: EFE

Ezinegona

Ekitaldian errespontsu bat otoiztu eta lore eskaintza egin dute Gregorio Ordoñezen hilobian. PPk terrorismoaren biktimak omentzeko beste ekitaldi bat antolatu du Donostian ordubete geroago, eta horrek Consuelo Ordoñezen haserrea eragin du; izan ere, ez diote hitza hartzeko aukera eman, biktimaren arrebak salatu duenez.

Ordoñez Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko (Covite) presidentea da. Anaiaren "figura gogoraraztea" faltan bota duela kritikatu du Ordoñezek, "alderdikideak harropuztu egiten dira eta erreferente eta ikur bat dela diote; berak orain egingo lukeena eta non egongo lirateke azaltzen dute", baina senitartekoak "ez dira sekula horretara ausartu".

Omenaldia Ordoñez efe

Ekitaldia Polloeko hilerrian. Argazkia: EFE

Mariano Rajoyren Gobernuak anaiaren "bertute" batzuk "ahaztu" dituela deitoratu du, "hitz egiteko, negoziatzeko eta entzuteko" borondatea adibidez. Era berean, Coviterekin harremanak hautsi izana aurpegiratu dio Exekutiboari.

"Beraiek hautsi dituzte harremanak, beraiek ez dira etortzen, kale egiten digute eta proposamenak egiten dizkiegunean ez dituzte aintzat hartzen, ezinezkoa dela diote, gehiengo absolutua izatea eta gobernatzea oso zaila dela esaten dute. Guk ez dugu panpakadarik eman, argi geratu behar da", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea