Politika -
Larunbatean, Bartzelonan
Governek Rajoyri bere plana larunbateko bisitan zehaztea eskatu dio
Francesc Homs Presidentetzako kontseilari eta Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak esan du espero duela “plan hori ez izatea kontsultaren inguruko ezeztapenen pilatzea”.
Erredakzioa
Francesc Homs Presidentetzako kontseilari eta Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak Mariano Rajoyri Kataluniarako duen plana larunbateko bisitan zehaztea eskatu dio. Izan ere, urtarrilaren 25ean Bartzelonan egongo da Rajoy, PPCren ekitaldi batean parte hartzeko. Homsek, halaber, esan du espero duela "plan hori ez izatea kontsultaren inguruko ezeztapenen pilatzea".
Homsek ez du argitu Rajoyren eta Artur Mas Kataluniako presidentearen arteko kontakturik aurreikusten duten, eta esan du alferrikakoa dela eztabaidatzea nork deituko duen lehenago. Hori bai, kontseilariak esan du abenduaren 12tik bertatik duela Rajoyk Kataluniak prozesu subiranistaren barnean ematen ari diren urratsen inguruko "·zuzeneko informazioa". Izan ere, CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek egun horretan aurkeztu zituzten kontsultaren xehetasunak.
"Estatuko Gobernua –esan du Homsek- britainiarrak egiten duena ere ari da egiten, beldurraren diskurtsoekin, izurrite biblikoekin eta sedukzioko gerturatzeekin; hori legitimoa da, baina alde garrantzitsua dago bien artean: Eskozian botoa eman ahal izango dute, eta Katalunian, aldiz, nahiz eta bete-beteko kanpainan gauden, ez da posible".
Kataluniatik kanpo ez dituzte ondo ulertzen prozesu subiranistaren nondik norakoak, kontseilariaren iritziz, eta hori saihesteko Governek "pedagogia" egingo du, Estatuan zehar, kontsultaren inguruan hitz egiteko: "Azaldu nahi dugu kontsulta Kataluniako herritarren borondatea ezagutzeko baliabidea dela, eta alderdi bakoitzaren proposamena beste gauza desberdina dela; azkenean, Kataluniako jendeak erabaki behar du".
Kongresuaren Mahaiak astelehenean bere oniritzia eman dio Kataluniako Parlamentuaren proposamenari -Generalitatek kontsulta deitzeko eskumena izateko proposamenari-, eta Homsek esan du uste duela eztabaida martxoan helduko dela bilkurara eta ona dela PPCk azkar egitea nahi izatea.