Politika -

Galdeketa Katalunian

PSCk hiru diputatu kritikoei behin behineko zigorrak ezarri dizkie

Boto diziplina errespetatu ez zuten parlamentariak batzorde exekutibotik eta Batzorde Nazionaletik kanpo utzi dituzte. Hiru diputatuek ez dute parlamentari agiria alderdiaren esku utzi nahi.

Joan Ignasi Elena PSCko parlamentari kritikoa Bartzelonan, erabakia ezagutu ostean. Argazkia: EFE
Joan Ignasi Elena PSCko parlamentari kritikoa Bartzelonan, erabakia ezagutu ostean. Argazkia: EFE
Joan Ignasi Elena PSCko parlamentari kritikoa Bartzelonan, erabakia ezagutu ostean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSCk behin behineko zigorrak onartu ditu gaur, boto diziplina errespetatu ez zuten parlamentarien kontra. Batzorde exekutibotik eta Batzorde Nazionaletik kanpo utzi dituzte. Hiru diputatuek ez dute parlamentari agiria alderdiaren esku utzi nahi.

Parlamentariek aktak uzteko zuten epea bart bukatu zen, eta PSCk kritikoak Bermeen Batzordera eramatea erabaki du. Batzordea arratsaldean bildu da eta hiru parlamentariak kargutik kentzea erabaki du.

Marina Gelik, Joan Ignasi Elenak eta Nuria Venturak alderdiaren diziplina hautsi zuten urtarrilaren 16an; izan ere, CiU, ERC eta ICV-EuiA alderdietako parlamentariekin batera erreferenduma egiteko eskumenak Kongresuari eskatzeko ekimena babestu zuten. PSC, PPC eta Ciutadans alderdiek aurkako botoa eman zuten.

PSCko zuzendaritzaren hitzetan, diputatuek "alderdiko Kontseilu Nazionalaren akordioa urratu" zutela "begi-bistakoa" da. "Erabakia eztabaida luze baten ostean, bozketa sekretuan eta zuzendaritzako kideen % 84aren babesarekin hartu zuten", azaldu du.

Batzordearen esanetan, "salatutako gertakari larriak, militanteen garrantzia eta batzorde exekutiboko eta Batzorde Nazionaleko kideak direla kontuan hartuta kargutik kentzea adostu dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea