Politika -

Ustezko xantaia

Cerverak epailearen aurrean deklaratu du, erabaki bat hartzeko eskatuz

Epaitegira 09:00etan iritsi da, Sergio Gomez bere abokatuarekin batera. Fermin Otamendi epaileak deklaratzera deitu du gaur, ustezko xantaiagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Cervera PPren diputatu ohiak epailearen aurrean deklaratu du gaur berriro, Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiari, ustez, xantaia egiteagatik. Deklarazioa hasi aurretik esan duenez, auzi horren inguruan “erabaki bat hartzeko denbora nahikoa igaro da”.

"Auzia hasi zenetik 13 hilabete igaro direnean, erabaki bat hartzeko denbora nahikoa igaro dela uste dut" adierazi die kazetariei, epaitegira sartu aurretik.

Epaitegira 09:00etan iritsi da, Sergio Gomez bere abokatuarekin batera. Fermin Otamendi epaileak deitu du gaur deklaratzera, ustezko xantaiagatik Cervera auzipetzea erabaki zuen epaile berberak, baina zergatik deitu duen ez dakiela adierazi du Cerverak.

Aurrekoan, "tranpa" bat jarri ziotela esan zion Cerverak epaileari. CANeko presidente ohiari xantaia egitea leporatuta inputatu zuen Cervera abenduaren 14an.

PPren diputatu ohiak esan zuenez, "ez da erraza izan" atxiloketaren ostean bizi izan duena, baina "maite nauten pertsonek babestuta nago eta ondo sentitzen naiz". "Hau ez da erosoa, ez nuen uste egoera bat hain zaila izan zitekeenik maila psikologikoan, baina aurrera egiten saiatzen naiz", gaineratu du.

Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiak salatu zuenez, abenduaren 5ean mezu elektroniko bat jaso zuen, mehatxupean 25.000 euro ematea aginduz, eta, egin ezean, CANetik berak eta bere semeak jasotzen zuten diruaren berri emango zutela esanez. Presidente ohiaren esanetan, "gezurra da" bere semeak CANen dirua jaso izana.

Guardia Zibilak atxilotu zuen Cervera, Ansoainen dirua jasotzera joan zenean. Berak lehenengo momentutik esan du "azpijoko" baten biktima izan dela, eta azaroaren 29an mezu bat jaso zuela CANeko isilpeko informazioarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea