Politika -
Elkarrizketa
Urkullu Rajoyrekin batera ikusi nahi du PPk ekonomia bultzatzen
Leopoldo Barreda Diputatuen Kongresuko PPren bozeramaileak Katalunian egiten ari diren planteamenduetatik urruntzea eskatu dio EAJri.
Leopoldo Barreda Diputatuen Kongresuko PPren bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio "Rajoyrekin batera, ekonomia bultza" dezan, eta Katalunian egiten ari diren planteamenduetatik urruntzea. Lehendakaria Rajoyrekin bilduko da eta Barredak eskatu dio publikoki aitortzea "akats larria" izan zela manifestazioan Sorturekin batera joatea.
Onda Vasca irratian elkarrizketa eskaini du Barredak eta esan duenez, "bilera horretatik espero dezakedan gauza bakarra instituzioen arteko sintonia da". "Urkullu Rajoyrekin batera ikusi nahi dut Espainiako (eta Euskadiko) ekonomia bultzatzen eta enplegua sortzeko erabaki egokiak hartzen. Beste eszenatokietatik aldentzea espero dut", adierazi du.
"Duela gutxi Sorturekin izan ziren manifestazio batean eta Euskadiko egunkarietan pozik agertu zen Ortuzar horregatik. Espero dut Urkullu apalago aurkeztea eta positiboa litzateke EAJk onartzea akats larria izan zela", gehitu du.
Horrela, "gogoeta hori barneratzea eta publiko egitea" eskatu die, manifestazioaren hurrengo orduetan "oso barneratuta" zuten moduan. "Espero dut Iñigo Urkullu Kataluniako planteamendu independentistetatik aldentzea. EAEko biztanleen arteko hausturak sortu dezakete horrela eta esfortzuak krisialditik irtetzea izan behar dute helburu, enplegua sortzearekin batera", esan du.
Katalunia
Mariano Rajoyk Kataluniako gaiari "Estatuko politikekin" helduko diola azaldu du eta "gaia oso argi" dagoela jakinarazi du Barredak. "Arazo larri bat dute Kataluniako biztanleek: Artur Mas", gaineratu du.
Bere ustez, "Kataluniako biztanleak zatitzen eta elkarren aurka jartzen" ari da Mas. "Kataluniako biztanleek ez dute Espainiatik irten nahi, krisialditik irten nahi dute eta Artur Masek buru duen zurrunbilo politikotik, aurrera egiteko. Espainiako Gobernua lasaitasunez ari da, hausnarketa eginez eta erantzunkizun handiz", esan du.