Politika -
Batzorde federala
PSOEren primarioetako araudiaren gakoak
Batzorde Federalak onartu duen araudiaren arabera, PSOEkoak ez diren herritarrek bi euro ordaindu beharko dituzte hauteskunde orokorretarako hautagaia aukeratzeko primarioetan parte hartzeko.
Erredakzioa
PSOEren Batzorde Federalak 2015eko hauteskunde orokorretarako hautagaia aukeratzeko primarioak azaroan egitea erabaki du, zazpi orduko eztabaidaren ostean. Erkidegoetako hauteskundeetarako primarioak, berriz, irailean izango dira. Batzorde Federalak onartu duen araudiaren arabera, PSOEkoak ez diren herritarrek bi euro ordaindu beharko dituzte hauteskunde primarioetan parte hartzeko.
Parte hartu nahi dutenek gutxienez hilabetez irekita izango den errolda batean izen eman beharko dute. Errolda hori, gainera, sei eguneko aurrerapenarekin itxiko dute, inpugnazioak aurkeztu ahal izateko. Gainera, alderdiaren ildoarekin bat egiten dutela sinatu eta 16 urte baino gehiagoko adina izan beharko dute.
Aurretiko errolda horrekin PSOEren zuzendaritzak "azken orduko boto mordoa" ekidin nahi du, Oscar Lopez antolakuntza idazkariak azaldu duenez. Hala ere, erabaki horren aurkakoa izan da, besteak beste, Carmen Chacon ministro ohia.
Akordioaren gakoak:
- Maiatzeko Europako hauteskundeen ostean, Batzorde Federal batean onartuko du PSOEK primarioen deialdia, erroldaren itxiera eta barne egutegia.
- Eskualdeko Batzorde Exekutibo batek edo Batzorde Nazional batek eskatuz gero, hautagaiak aukeratzeko egutegiak onartzeko baimena eman dio Batzorde Federalak alderdiaren zuzendaritzari.
- Valentziako sozialistek eskatuta, datorren martxoaren 9an hauteskunde primario irekiak egiteko baimena eman dio Batzorde Federalak PSPV-PSOEri.
- 2014ko urrian, PSOEk hauteskunde orokorretarako hautagaia aukeratzeko primarioak deituko ditu.
- Hautagaitza bat baino gehiago aterako balira, 2014ko azaroan hauteskunde orokorretarako hautagaia aukeratzeko primarioak egingo lirateke.