Politika -

Polizia-operazioa

Ertzaintzak Goizane Pinedo eta Unai Ruiz atxilotu ditu Gasteizen

Segiren kontra Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan ez parte hartzea erabaki zuten eta hiru hilabete eman dituzte ezkutuan.

Ruiz Pou eta Pinedo, berragertu direnean. Argazkia: EiTB
Ruiz Pou eta Pinedo, berragertu direnean.
Ruiz Pou eta Pinedo, berragertu direnean. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteak atxilotu ditu gaur goizean Gasteizen. Bi gazteek astelehenean iragarri zuten gaur berragertuko zirela, Auzitegi Nazionalean Segiren kontra egiten ari diren makroepaiketan ez parte hartzeko hiru hilabetez ezkutatuta egon ostean.

Bi gazteak ez ziren urriaren 14an Auzitegi Nazionalera joan, 40 gazte independentisten kontrako makroeipaiketan ez parte hartzea erabaki zutelako, auzitegiak zilegitasunik ez zuela iritzita. Orain Zaballako (Araba) espetxean daude, eta handik eramango dituzte Auzitegi Nazionalera, epaiketara.

Pinedo eta Ruiz Gasteizko eraikin bateko balkoian agertu dira, katez lotuta, desobedientziaren aldeko mobilizazio baten ondoren. Bertaratutako ehunka lagunen babesa jaso dute.

Baina agertu eta berehala, Ertzaintza eraikinean sartu da, kateak moztu ditu eta atxilotuta eraman ditu bi gazteak. Ertzaintzaren dozenatik gora agente joan dira gazteak atxilotzera, istiluen beldur baitziren. Azkenean, ordea, ez da liskarrik izan.

Mobilizazioaren ostean

Bi gazteek iragarria zuten, bideo baten bidez, gaur amaituko zutela "desobedientzia" ekintza eta Gasteizen berragertuko zirela Ekaitz Samaniego Segiko kidearen omenezko mobilizazioan.

Bi iheslariek ez dute manifestazioan parte hartu, baina amaieran, manifestarietako batek mikrofonoa hartu eta Pinedo eta Ruiz Bakea kalean zeudela jakinarazi du. Orduan, manifestariak korrika joan dira non zeuden ikustera, eta haien atzetik joan da Ertzaintza ere.

Bi gazteak ostatu bateko balkoi bati lotuta agertu dira, hirugarren solairuan, eta "Aski da" zihoen pankarta bat zabaldu dute.

Ehunka gazte

Ehunka gazte zeuden kalean, balkoiaren azpian, iheslariei babesa emateko, kamiseta laranjak soinean.

Baina ohartzerako, ertzainak jarri dira eraikineko atean, eta gazteak agurtzera zihoazen senideak identifikatu ostean, ostatuan sartu dira. Belen Arrondo EH Bilduren legebiltzarkidea eta Iker Urbina Amaiurren diputatua ere sartu dira ostatuan, gazteekin hitz egiteko.

Azkenean, Ertzaintzak kateak moztu ditu eta bi gazteak eraman ditu atxilotuta, ehunka gazteren oihuen artean.

Bakearen kontrako erasoa

Arrondok hedabideei adierazi dienez, "irtenbideen garaia da, ez atxiloketena", eta Ertzaintzaren jarrera salatu du, "gazteak izateagatik eta haien eskubideen alde lan egiteagatik" atxilotu dituztelako.

EH Bilduren legebiltzarkideak ohartarazi du atxiloketek ez dutela "bakerako bidean laguntzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak