Politika -
Diputazio Iraunkorra
EAJk eta EH Bilduk polizia-operazioa lantaldera eramatea adostu dute
EH Bilduk "premiazko" legez besteko proposamen bat aurkeztu du Diputazio Iraunkorrean, baina EAJk defendatutako zuzenketarekin bat egitea erabaki du, eztabaida aipatu lantaldera eramateko.
Erredakzioa
EAJk eta EH Bilduk EPPKren bitartekarien aurkako polizia-operazioaren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldera eramatea erabaki dute gaur.
EH Bilduk "premiazko" legez besteko proposamen bat aurkeztu du Diputazio Iraunkorrean, baina EAJk aurkeztutako zuzenketarekin bat egitea erabaki du, eztabaida aipatu lantaldera eramateko. Lantalde horretan EAJk eta EH Bilduk parte hartzen dute.
Bozketan, EH Bilduren ekimenak koalizioaren legebiltzarkideen ordezkarien babesa jaso du, eta gainerako taldeek kontra bozkatu dute.
Eztabaidan, Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak adierazi du Espainiako Estatua "bakearen etsai baten modura" ari dela, "kriminalizazio estrategia zabal bat" aplikatuz.
Iragan asteko polizia-operazioan atxilotutako zortzi pertsonek jarduera "gardena eta publikoa" zutela azpimarratu du, eta "normalizazio politikoa" bultzatu nahian ari zirela lanean gaineratu du.
Joseba Egibar EAJko bozeramailearen ustez, polizia-operazioari buruz eta "oraindik eztabaidatzeke dauden beste gai batzuei buruz" aritzeko toki aproposena Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldea da. Horren harian, PP, PSE-EE eta UPyDko ordezkariak lantalde horretan parte hartzera gonbidatu ditu, bertan "esan beharreko guztia" esan dezaten.
"Amaierarik gabeko eztabaida politikoa" egiteko aukera dagoela nabarmendu du Egibarrek, eta bere alderdiaren irizpide eta jarrera "argia eta ezaguna" dela nabarmendu du.
EPPKren azken oharra "garrantzitsua" dela onartu du Egibarrek, eta EAJk bere egunean azken atxiloketen inguruko iritzia eman zuela gogoratu du. "Euskal gizarteak Bilboko kaleetan eman zuen erantzuna izugarria izan zen", gaineratu du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari "zuhurtziaz eta inteligentziaz" aritzeko eskatu die, ETAren amaiera modu egokian "kudeatzeko". Horrez gain, espetxe-politika ezberdin bat martxan jartzeko eta "ETAk hil egiten zuenean baino irizpide zorrotzagoak" ez aplikatzeko eskatu die Pastorrek PPkoei.
Pastorren iritziz, "biktimismoaz estaltzeko" helburuarekin aurkeztu du EH Bilduk polizia-operazioaren inguruko ekimena. Horrela, "oso gertu dagoen iraganaren erantzukizunak" ekidin nahi ditu koalizio abertzaleak, Pastorren hitzetan. "Erantzukizun horiek eurenak dira, eta ez beste inorenak". "Batasunaren ondorengoak izan behar dira behin betiko demokraziaren zelaira etorri behar direnak, eta ez alderantziz", gaineratu du.
Iragan asteko polizia-operazioa ETAk bere jarduerarekin ez amaitzeko duen "burugogorkeriaren" ondorioa izan zela adierazi du gaur Borja Semper PPko legebiltzarkideak. Horren ustez, horrelako "pasarte" gehiago izango dira etorkizunean, "zuzenbide-estatuak bere horretan jarraituko duelako".
Bestalde, Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak esan du iragan asteko polizia-operazioak "ETAren uztarritik dagoen Euskadi aske bat lortzeko itxaropena" sustatu duela. "Bakea ezin da gaizkileak bakean uztea izan", gaineratu du.
EH Bilduren ekimenak, "ETAk hildako umeak edo ETAk jazarritako pertsonak" babestu beharrean, "ETAko kideak eta ETAko kideen lagunak" babesten dituela salatu du Maneirok.