Politika -

Prentsaurrekoa

Gai pribatuak 'pribatuan' jorratu behar direla esan du Hollandek

Prentsaurrekoa bere egoera pertsona jorratzeko ''lekua eta unea'' ez dela gaineratu du, baina otsailean AEBra egingo duen bidaiaren aurretik zalantza guztiak argituko dituela ziurtatu du.

Hollandek ez du azalpenik eman bere egoera sentimentalaren inguruan

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gai pribatuak ''pribatuan'' jorratu behar direla esan du astearte honetan François Hollande Frantziako presidenteak eta, hala, ez du azalpenik eman nahi izan bere egoera sentimentalaren inguruan piztutako polemikaren gainean. Edonola ere, otsailean AEBra egingo duen bidaiaren aurretik zalantza guztiak argituko dituela ziurtatu du.

700 bat kazetariren aurrean agerraldia egin du Hollandek, eta agerraldi hori bere egoera pertsonala jorratzeko ''tokia eta unea'' ez dela adierazi du, berriemaileetako batek Valérie Trierweiler Frantziako lehen dama izaten jarraitzen duen galdetu ondoren.

Egindako itauna ulertzen duela adierazi du Hollandek, baina zera esan dio kazetariari: ''Ziur nago nire erantzuna ulertuko duzula; norberak bere bizitza pertsonalean erronkei aurre egin ahal die, eta hori da gure kasua''

''Une gogorrak dira'', azpimarratu du presidenteak. ''Baina printzipio bat daukat: afera pribatuak pribatuan jorratzea, intimitatea errespetatuta'', gaineratu du.

Edonola ere, Hollandek agindu du otsailaren 11n AEBra egingo duen bidaiaren aurretik zalantza guztiak argituko dituela. Zehazki, ''aipatutako data baino lehenago'' erantzungo duela aurreratu du, Barack Obama AEBko presidentearekin biltzeko Etxe Zurira egingo duen bidaiaren datari aipamen eginez.

Lehen damaren papera

Gaiaren inguruan bigarren galdera bat ere egin diote eta, Hollandek erantzun du Frantzian lehen damaren ''estatusa'' ez dela existitzen eta presidentearen bikotekidearen papera ''denborarekin aldatuz joan'' dela.

Valerie Trierwelerrek eduki badu agenda ofiziala, eta Eliseoko webgunean iragartzen dira ekitaldi horiek.

Segurtasuna

Hollandek Julie Gayet aktorearekin duen ustezko maitasun-harremana plazaratzearekin batera, haren segurtasun neurrien inguruko eztabaida ere zabaldu da Frantzian. ''Ez dadila inor nire segurtasunarekin kezkatu. Nonahi eta noiznahi segurtasuna hori bermatuta dago'', adierazi du.

Kaleratutako argazkiak

Joan den ostiralean kaleratu zituen aldizkari batek Hollanderen eta Gayeten ustezko harremanaren inguruko argazkiak. Presidenteak, hala ere, baztertu egin du aldizkariaren kontrako neurririk hartzea.

Trierweiler Hollanderen bikotekide ofiziala ospitaleratuta dago ostiraletik, hau da, presidentearen eta Gayeten arteko ustezko harremana hedabideetan agertu zenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea