Politika -
Manifestazioa Bilbon
Aresek ETAren kontrako politika aldatzeko eskatu dio Rajoyri
"ETAk ekintza terroristak baztertu ondoren, Espainiako Gobernuak onartu behar du ezin duela politika bera egin", adierazi du PSE-EEren buruzagiak.
Erredakzioa
Rodolfo Ares PSE-EEren Antolakuntza idazkariak "burugabekeria ikaragarri"tzat jo du "azken asteotan gertatutakoa" eta "inteligentziaz eta estatu ikuspegiaz" jokatzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuari, "ETAren amaieraren arrakasta EH Bilduri ez oparitzeko". Gainera, "inteligentzia eta ardura" eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta EAJri.
Aresek Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren erabaki batzuen ondorioz, "mundu horrek biktimismoz joka dezake eta errentagarritasuna atera diezaioke ETAren amaierari".
Horren esanetan, "ETAren amaierarekin zerikusia duen oro inteligentziarekin eta estatu ikuspegiarekin" egin behar da. "Espainiako Gobernuak onartu behar du ezin duela politika bera egin ETAk ekintza terroristak baztertu ondoren", gaineratu du agintari sozialistak.
Horren harira, "ETAko presoek bide legalak" egin nahi dituztela eta "egindako kaltea aitortu" dutela azpimarratu du. Gainera, "ETA behin betiko desagertzeko, erabakiak" hartu behar direla, eta horretarako "batasuna" behar dela esan du.
Kritika EAJri
EAJri eta Jaurlaritzari ere "inteligentzia eta ardura" eskatu die Aresek. Horregatik, ezker abertzalearekin "zorrotzak" izateko, "egindako kaltea aitortzeko bidean pausoak" eskatzeko eta "zatiketa sustatu beharrean, adostasunaren alde egiteko" eskatu die bai jeltzaleei bai Gasteizko agintariei.
Bilboko manifestazioa dela eta, "etikoki eta demokratikoki gaitzesgarri"tzat jo du Jaurlaritzan ardura duen alderdi bat, EAJ, "Durangoko argazkian atera ziren ETAko presoekin manifestazioan ateratzea".