Politika -
Bilboko manifestazioa
Nafarroako Parlamentuak Bilboko manifestazioa gaitzetsi du
UPNren eta PPren aldeko botoei eta PSNren abstentzioari esker onartu dute bake prozesuaren alde asteburuan egindako manifestazioaren kontrako adierazpen instituzionala.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzionala onartu du alderdi eta sindikatu abertzaleek bake prozesuaren alde asteburuan Bilbon egin duten manifestazioa gaitzesteko. UPNren eta PPNren aldeko botoei eta PSNren abstentzioari esker onartu dute proposamena, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta Geroa Bai kontra agertu diren arren.
PSNk "gehiegikeria"tzat jo du Nafarroako Parlamentuak baimendutako manifestazio bat gaitzestea; horregatik, abstentzioa eman du puntu horretan. Juan Jose Lizarbe bozeramaileak azaldu duenez, hala ere, adierazpena onartzea ahalbidetu dute, ez baitaude ados manifestazioarekin. Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta Geroa Baik, berriz, kritikatu egin dute adierazpena, "burugabekeria" delako, haien ustez, Parlamentuak manifestatzeko eskubidearen kontra egitea.
Gaurko Parlamentuko Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean agerian geratu dira alderdien artean dauden desadostasunak manifestazioaren, presoen eta atxiloketen inguruan; izan ere, UPNk, PSNk, eta PPNk aurkeztutako hirurak onartu dituzte, eta Bilduk, Aralar-NaBaik eta Geroa Baik proposatutakoa atzera bota dute.