Politika -

Manifestazioa Bilbon

Ehun milatik gora lagun, bakearen aldeko mobilizazio historikoan

Manifestazioak isila behar zuen arren, presoen eta amnistiaren aldeko oihuak entzun dira.

100.000 lagun bildu dira, Udaltzaingoaren arabera, bakearen alde. EFE
Bilboko manifestazioa
Bakearen eta konponbidearen aldeko manifestazio jendetsua, Bilbon

1:41

Eider Garaikoetxea | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Historikoa eta jendetsua. Bi adjektibo horiek deskriba dezakete gaur "Giza Eskubideak, akordioa, bakea" lelopean, Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazioa. Udaltzaingoaren arabera, 100.000-110.000 lagun artean bildu dira bakearen aldeko mobilizazioan. Izatez, martxa isila behar zuela adierazi zuten atzokoan deitzaileek, baina manifestariek presoen aldeko oihu eta aldarriak egin dituzte uneoro.

PNV, Sortu, EA, Alternatiba, Aralar, ELA, LAB eta Geroa Baik deituta, 18:00ak pasatxo abiatu da Casilla plazatik, bertaratutakoen txalo artean. Ordubete eta erdi geroago, 19:30ean, bukatu da, Udaletxe plazan, adierazpenik gabe eta bertaratutakoen txalo artean. eitb.com-ek zuzenean jarraitu du.

Deitzaileek eta Ertzaintzak ez dute parte hartze daturik eman, baina Bilboko Udaltzaingoaren kalkuluen arabera, 100.000-110.000 lagun artean bildu dira gaur arratsaldean Bilbon

Izatez manifestazioak isila behar zuen, baina manifestari askok presoen eta amnistiaren aldeko oihuak egin dituzte.

Bilbo, gainezka

Autonomia kalea eta Casilla plaza inguruan bildutako jende andanaren ondorioz, manifestazioak zailtasunak izan ditu aurrera egiteko, eta zenbait unetan, ez atzera ez aurrera egon da. Hala, manifestazioaren buruak, herritarrek eramandako pankartarekin, bidea zabaldu behar izan du, jendetzaren artean.

Urtarrilaren 11ko hau azken urteetako manifestaziorik jendetsuena izan da, ezbairik gabe.

Ordezkaritza politiko zabala

Politikariak bigarren leku batean izan dira manifestazioan, pankarta herritarrek eraman baitute. Bigarren lerroan, honakoak izan dira, besteak beste: Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa (EAJ), Larraitz Ugarte, Martin Garitano (EH Bildu), Rufi Etxeberria (Sortu) eta gainerako alderdi deitzaileen ordezkariak. ELA eta LAB sindikatuetako bozeramaileak ere izan dira. Eusko Jaurlaritzak ez du ordezkaritzarik bidali baina Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea egon da manifestarien artean.

Hasi baino ordubete lehenago baimendu dute

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak 17:00etan erabaki du manifestazioa ez debekatzea, deialdi horren eta Eloy Velasco epaileak debekatutakoaren artean loturarik ez dagoela iritzita.

Morenok Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren txostenak aztertu ditu erabakia hartzeko. Hori horrela, ez du datu objektiborik atzeman gaurko manifestazioa debekatutakoaren ordezkoa dela frogatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea