Politika -

Manifestazioa Bilbon

Bilboko manifestazioa ez debekatzea erabaki du epaileak

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak egindako eskaria onartu du, eta ekitaldiari buruzko txostenak aztertu ostean, ez du delitu zantzurik atzeman.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala.
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak alderdi eta sindikatu abertzaleek gaur Bilbon deitu duten manifestazioa ez debekatzea erabaki du, deialdi horren eta Eloy Velasco epaileak debekatutakoaren artean loturarik ez dagoela iritzita.

Morenok Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren txostenak aztertu ditu erabakia hartzeko. Hori horrela, ez du datu objektiborik atzeman gaurko manifestazioa debekatutakoaren ordezkoa dela frogatzeko.

Epaileak gogorarazi duenez, manifestazioaren deitzaileak eta helburuak desberdinak dira bi kasuetan. Hori dela eta, ezin omen du loturarik egin gaurko manifestazioaren eta legez kanpoko erakunde baten artean.

Gainera, txosten horiek aztertuta, Morenok ezin du frogatu manifestazioa "ETA erakunde terrorista edo bere ekintzak goratzeko" egingo denik.

Hala eta guztiz ere, Morenok beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzari, ekitaldian ETAko kideen edo presoen argazkiak erakutsi ez ditzaten, legez kanpoko erakundeen irudiak erabil ez ditzaten, edo terrorismoaren biktimak mespretxatzeko lelorik entzun edo ikusi ez dadin.

Horietakoren bat ikusiz gero, ekitaldia desegiteko eta egileak identifikatzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Fiskaltzak egindako eskaria

Morenok onartu egin du fiskalaren eskaria, AVTk eta Dignidad y Justiciak manifestazioa debekatzeko egindako eskakizunaren inguruko erabakia hartu aurretik, eta txostenak eskatu ditu.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Poliziaren txostenak eskatu dizkio epaileari alderdi eta sindikatu abertzaleek "Giza-eskubideak. Konponbidea. Bakea" lelopean Bilbon deitu duten manifestaziorako deialdiaren inguruan, debekatutakoarekin zerikusirik ba ote duen argitzeko.

Ministerio Publikoak Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari egin dio eskaria, AVTk eta Dignidad y Justiciak manifestazioa debekatzeko egindako eskariari buruzko erabakia hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea