Politika -
Bilboko manifestazioa
EAJk eta Bilduk 'interesetan bat egin' dutela salatu du PPk
Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak salatu du interes bera defendatzen ari direla "Euskadiri min gehien egin diotenak eta Eusko Jaurlaritzan ordezkatzen gaituztenak".
Erredakzioa
Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak salatu du EAJk eta Bilduk "interesetan bat egin" dutela, "Euskadiri min gehien egin diotenak eta Eusko Jaurlaritzan ordezkatzen gaituztenek" bat egin dutela, hain zuzen ere.
Quirogak gogor kritikatu du EAJk eta EH Bildu osatzen duten alderdiek, "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" lelopean gaur arratsalderako Bilbon deitu duten manifestazioa.
PPren EAEko buruak "balore demokratikoak berreraikitzea" eskatu du, eta "garrantzitsuena" ez omen dira "ETAko presoak; askatasuna, errespetua eta tolerantzia baizik".
Arantza Quirogak "lasaitasuna eta ardura politikoa" aldarrikatu du, azken egunotan "Zuzenbidezko Estatuaren erabaki judizialen aurrean sortu diren erreakzio gorakadaren" aurrean.
Haren esanetan, egia da "mugarri" izan dela ETAk "hilketak baztertzea", eta erabaki horrek gizartean "aldaketa sakona" eragin duela azpimarratu du. "Herritarrak askatasun handiagoan bizi dira orain. Hori egia da. ETAren mehatxurik gabe bizi gara, baina bere presentziak ezinegona sortzen du oraindik", gaineratu du.
Testuinguru horretan, gogor kritikatu du EAJk debekatu zuten manifestaziora ez joteko erabakia hartzea, eta gero "Euskadiri kalte gehien egin diotenen manifestazioaren buruan jartzea".
"Kezkatu egiten gaitu EAJk manifestazioaren buruan jartzeko zuen grinak. Izan ere, duela urte batzuk, euskal herritarrak hiltzen zituztenean, EAJk ez zuen parte hartu nahi izaten 'ETA ez' zioen pankarten atzean", salatu du.
Hori dela eta, Quirogarentzat "EAJren akats handia da atzoko argazkia eta gaurkoa", "euskal herritarrentzat garrantzitsuena ETA betiko desagertzea" delakoan.
Hori horrela, Bilbon gaur arratsaldean egingo den manifestazioa ez dela "giza eskubideen, akordioaren eta bakearen alde, baizik eta interes bat-egite bat" salatu du Quirogak, eta EAJk eta Bilduk "subiranotasuna Espainiako demokraziaren eta askatasunaren gainetik" kokatu dutela iritzi dio.