Politika -
Irrati lizentziak Nafarroan
Euskalerria Irratiak ilegalki jokatzeari uzteko eskatu dio Gobernuari
Irratiko ordezkariek salatu dute "hizkuntza bereizketa kasu nabarmena" dela.
Erredakzioa
Euskalerria Irratiak "irregulartasunak" egiteari eta "legez kanpo" jokatzeari uzteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Gainera, "1998an hasi zuen lizentziak esleitzeko lehiaketa" bertan behera utzi dezan exijitu du.
Nafarroako Unibertsitateko Radio Universidad eta Net 21 irratiei 2006an emandako behin-behineko lizentziak bertan behera utzi zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak, Euskalerria Irratiak jarritako helegite baten ondorioz. Auzitegi Gorenak berretsi egin du erabaki hori, eta horren inguruan mintzatu dira irratiko ordezkariak.
Epaia "albiste ona" dela uste dute irratiko langileek, eta testu horrek "UPNren Gobernuak Euskalerria Irratiari eskubide bat ukatu" diola berresten duela adierazi dute. Hori dela eta, "iruzur horren erantzukizun politikoak eta, baleude, judizialak" garbitzeko eskatu dute.
Haien ustez, afera "larria" da, Nafarroako Gobernua "berrerorlea" baita. Hala erakusten du "epaitegiek hiru aldiz Gobernuaren aurkako epaiak" eman izanak. Hori dela eta, "portaera hori albo batera utzi eta herritarren dirua prozesu hau luzatzeko alferrik gastatzeari utzi" dezan eskatu diote Gobernuari.
"Iruñako eskualdeko euskaldunek hamabost urte daramatzate euren hizkuntzan dagoen irrati zerbitzu batez legalki gozatzeko eskubiderik gabe", salatu dute ordezkariek. "Emititzeko lizentziarik ez izateagatik", Euskalerria irratiak denbora hori guztia "mota guztietako ondorioak pairatzen" daramala azpimarratu dute, ondorio ekonomikoak, besteak beste.
Hizlarien ustez, "hizkuntza bereizketa kasu nabarmena" da, eta ez da haien irratiari gertatutako kasu isolatu bat. Haien aburuz, "EITBren hedabideen kasua ere bistakoa da".
Lizentziak esleitzeko prozesuari dagokionez, "ukapen sistematikoak" jaso dituzte hamabost urtez, eta lizentzia lortzea ekiditeko, "Euskalerria Irratiaren aurkako ekintzak" pairatu dituztela salatu dute. "Lehiaketa irabazten joan ginen, irregulartasunak iritsi ziren arte".