Politika -

Manifestazioa, Bilbon

Egibar eta Barrena: 'Herri mailako erantzuna eskatzen zuen herriak'

Pernando Barrena Sortuko kideak azpimarratu du herri oso baten interesa eta bakebidea daudela jokoan. Joseba Egibar EAJko bozeramaileak ere, egoerak herri mailako erantzuna exijitzen duela esan du.

Egibar: 'Bideak erakutsi behar zaizkio gizarteari'

1:05

Idoia Alberdi| eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indar abertzaleek gaurko deitu duten manifestazioaz hitz egin dute Joseba Egibar eta Pernando Barrena EAJ eta Sortuko presidenteak, hurrenez hurren,  Euskadi Irratiko Goiz Kronika saioan. Azken egunotako polizia operazio eta debekuen aurrean, iritzi eta balorazioetatik haratago, "herriak erantzun bat" eskatzen duela ikusita etorri da erantzun bateratua, bien buruzagion hitzetan. Erdigunean, beraz, Euskal Herrian zabaldu den aro berria jarri dutela nabarmendu dute.

Egibarren arabera, "oinarrizko eskubideak urratu egin dira, eta iritziak eta balorazioak emateaz gain, bideak erakutsi behar zaizkio gizarteari. Audientzia Nazionalari eta PPri garbi esan behar diogu guk nahi dugun bidea beste bat dela".  Ildo horretan, EAJk orain arteko bideari eusten diola, eta ETAri bake bidean aurrea egiteko urratsak eman ditzala eskatzea ezinbestekoa dela gaineratu du.

Adostasunera nola iritsi diren galdetuta,  Barrenak nabarmendu du abertzale guztiek partekatzen  duten ideia bat jarri dutela abiagunean: "Euskal Herrian zabaldu den aro berrian urratsak ematea".  "Helburu hori oinarri hartuta, puntu amankomun batera iristea lortu dugu, premisa ezberdinetatik abiatu garen arren".  Sortuko kidearen aburuz, "jokoan dagoena ez da alderdi baten interesa, herri oso baten interesa baizik. Bakebidea dago jokoan, herri hau normalizazio politiko batera eramatea dago jokoan. Ez bakarrik ze pertsona atxilotu duten, interes orokorraz hitz egiten ari gara". Hori dela eta, deitzaileek "herri beharra sentitu dugu" eta "horri erantzun bateratua ematea lortu dugu", gaineratu du.

Egibar buruzagi jelkidearen iritzian ere, "egoerari perspektiban begiratu behar zaio. Prozesu bat dago martxan eta urrats asko eman behar dira. Atzoko exekutiban, egoera aztertzen ari ginela, denok bat gentozen: hau larria da eta erantzun bat eman behar zaio". "Ez da manifestazio erraza izango, gauza asko baitaude atzean. Baina, garrantzitsuena, manifestaziotik etxera bidean, bakoitzak bere bere etxeko lanak garbi izatea da", esan du.

Bi alderdion buruzagitza nagusiak manifestazioan izango direla baieztatu dute Barrenak eta Egibarrek, eta alderdikideen erantzuna ere handia izango dela ez dute zalantzarik. Pankartaren atzean,  besteak beste, Andoni Ortuzar EAJko burua eta Hasier Arraiz EAJk presidentea joango dira.

18:00etan, Casillatik

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Tantaz Tanta plataformak presoen alde antolatutako martxa debekatu eta gero, manifestazio "isila" deitu zuten atzo  indar abertzaleek.  Andoni Ortuzar EAJko eta Hasier Arraiz Sortuko presidenteek  agerraldi bateratua egin zuten  Bilboko Carlton hotelean deialdiaren berri emateko. Manifestazioaren leloa "Giza eskubideak. Konponbideak. Bakea" izango da. Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Geroa Baik, Alternatibak eta ELA eta LAB sindikatuek mobilizazioarekin bat egin dute. Mobilizazioa Casillatik abiatuko da 18:00etan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea