Politika -

Tantaz Tanta

Velasco epaileak debekatu egin du presoen aldeko mobilizazioa

Tantaz Tanta Herriraren ondorengoa dela argudiatuta hartu du erabakia. Plataformak biharko deituta zituen ekintza guztiak bertan behera utzi ditu.

Velasco epaileak biharko mobilizazioa debekatu du

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin du Tantaz Tanta plataformak larunbat honetarako Bilbon presoen alde deitutako mobilizazioa, iturri juridikoek aurreratu dutenez, eta debekua betearazteko neurriak har ditzaten agindu die Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari.

Hain zuzen ere, Tantaz Tanta Herrira plataformaren ondorengoa dela argudiatuta erabaki du epaileak deialdia debekatzea.

Eloy Velascok Herriraren jarduerak eten zituen irailean, hau da, de facto legez kanpo utzi zuen.

Epaileak autoan adierazi duenez, manifestazioa "aspaldi" deitu zuen Herrirak, "eta ezin da baimendu, ebazpen batek plataforma horren jarduerak eten dituelako".

Mobilizazioa ez ezik, larunbat honetarako deitutako gainerako ekitaldiak ere debekatu ditu Velascok.

Gaur eguerdian, Pablo Ruz epaileak ez du martxa debekatu, delitu zantzurik atzeman ez duelako, baina auzia Velascori igorri dio, Herrira auziko instrukzioko epailea delako. Azken erabakia, beraz, horren esku zegoen.

Fiskaltzak eta terrorismoaren biktimen hiru elkartek manifestazioa debekatzea eskatu zuten.

Lehendakaritzak debekua "hanka-sartzea" dela adierazi du, balorazio azkar batean. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak hausnarketa sakonagoa kaleratzeko asmoa agertu du.

Mobilizazioaren deitzaileek bihako mobilizazioa eta gainerako ekintzak bertan behera utzi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea