Politika -
Polizia-operazioa
Fiskaltzak txostena eskatu du atxiloketen aurreko filtrazioa argitzeko
Barne Ministerioak erantzun du "giza akatsa" izan zela. Ministerio horretako Komunikazio zuzendariak kargua bere arduradunen esku uztea erabaki du.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak txostena eskatu dio Barne Ministerioari, EPPKren kontra egindako polizia-operazioaren informazioa atxiloketak egin aurretik zergatik zabaldu zen argitzeko.
Auzitegiko iturriek azaldu duenez, filtrazioak erantzukizun penalik ote duen argitzeko agindu dute izapideak abiatzea. Horretarako, txostena eskatu diote Barne Ministerioari, baina akats bat izan zela eta kasua artxibatu egingo dutela uste dute.
Barne Ministerioaren erantzuna, hain zuzen ere, hori izan da; "giza akatsa" izan zela informazioa operazioaren aurretik zabaltzea. Hori dela eta, Alberto Gimeno Barne Ministerioko Komunikazio zuzendariak kargua bere arduradunen esku uztea erabaki du, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Barne Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, dimisioa arratsaldean eman du Gimenok, baina oraindik ez dute zehaztu onartu dioten ala ez.
Barne Ministerioak operazioa hasi aurretik eman zuen EPPKren kontrako operazioaren berri, guardia zibilak kuarteletik atera baino lehenago.