Politika -

Polizia-operazioa

Sortu: 'Bake prozesua zanpatzeko PPren milagarren saiakera da'

Era berean, EAJk, Aralarrek eta EAk Guardia Zibilaren operazioa kritikatu dute, "bakearen aurkako erasoa delako".

Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak presoen abokatuen aurka egindako azken operazioa "bake prozesua zanpatzeko PPren milagarren saiakera" dela salatu du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. Operazioa euskal gizartearen "bake, askatasun eta demokrazia irrikaren aurkako eraso zuzena da", erantsi du.

Sorturen egoitzan, Donostian, prentsaurrekoa eman du Barrenak. Bozeramaile abertzaleak atxilotuei "elkartasuna" adierazi eta "agur bero bat" eman die.

Barrenaren hitzetan, azken polizia-operazioa "bake prozesua zanpatzeko PPren milagarren saiakera da, bakeari beldur diolako". Alderdi Popularra "bere argudio politikoen ahuleziaren jakitun da", gaineratu du.

Horren ustez, "PPk euskal gizartea kikildu" eta "sufrimendua eguneroko ogia izatea" nahi du, baina "herri hau sendoa da" eta "sakabanaketa eta espetxe politika kriminalarekin" bukatuko du.

EAJ

EAJren esanetan, operazioa "susmagarria, oportunista eta norabide zuzenaren kontrakoa da, nahiz eta euskal gizartea azkenaldian norabide egokian joan, guk nahi baino astiroago bada ere".

Azken operazio honen aurrean, euren "kezka eta alarma" agertu dute jeltzaleek agiri baten bidez.

Aralar

Presoen abokatuen atxiloketak "oso larritzat" jo ditu Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, "bakearen aurkako eraso bat direlako".

Atxiloketak "giza eskubideen, abokatuen eskubide profesionalen eta bakearen kontrako eraso bat dira", Zabaletaren aburuz.

EA

Eusko Alkartasunak ere operazioa kritikatu du, eta "atxilotu guztiak berehala aske uzteko" eskatu du.

EAren arabera, "gero eta argiago dago arazoa ez dela ETA, euskal gatazka politikoa baizik".

Geroa Bai

Gaurkoa bezalako operazioek bake prozesuari laguntzen ez diotela salatu du Geroa Baik. Mariano Rajoyren Gobernuak "konponbideak bilatu beharrean, polizia-operazioen aldeko apustua" egitea deitoratu du Geroa Baik agiri batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea