Politika -
Noos auzia
Epailearen erabakia errespetatzen dute Gobernuak eta PSOEk
Cristina infanta "ez inputatzea arraroa" izango litzatekeela uste du EAJk. Bestalde, Exekutiboak epaileari Fiskaltzaren bidez "oztopo gehiago" ez jartzea espero du IUk.
Erredakzioa
Gobernuak eta PSOEk Errege Etxearekin bat egin eta "errespetua" azaldu dute Cristina infantaren inputazioaren aurrean. "Justizia guztientzat berdina" dela gaineratu dute beste alderdi batzuek. IU, EAJ, ERC eta BNG pozik agertu dira epailearen erabakiarekin.
Aitor Esteban EAJko bozeramailearen hitzetan, Cristina infanta "ez inputatzea arraroa" izango litzateke.
Infantaren errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu dute CiUk eta PPCk. Noos auzia "azkar" argitzeko eskatu dio Ignacio Gonzalez Madrilgo presidenteak Justiziari, eta "epaiketa mediatikoekin" bukatzea ere eskatu du, "min handia egiten dutelako".
Espainiako Gobernuak eta PPk erabaki judizialen aurrean "errespetua" azaldu dute, eta ez dutela ebazpena baloratu behar erantsi dute.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren ahotan, erantzuna "betikoa" izan behar da kasu hauetan; epailearen "erabakia errespetatzea eta betetzea".
Rosa Diez UPyDko bozeramailearen esanetan, "Justizia guztientzat berdina izan behar da".
Cayo Lara IUko buruzagia pozik agertu da erabakiarekin, baina Exekutiboak epaileari Fiskaltzaren bidez "oztopo gehiago" ez jartzea espero du.
Espainiako monarkia "ustelkeriaren susmopean egotea" deitoratu du Marta Rovira ERCko bozeramaileak, baina Fiskaltzak inpartzialtasunez jokatu behar duela erantsi du.