Politika -
Presoen manifestazioa
Biktimen hiru elkartek U-11ko manifestazioa debekatzea eskatu dute
AVTk, Dignidad y Justiciak eta APAVTk Auzitegi Nazionalari egin diote eskaria; izan ere, euren ustez, antolatzaileak Herriraren, Aministiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren ondorengoak dira.
Erredakzioa
AVTk, Dignidad y Justiciak eta APAVTk (Asociacion-Platafoma de Apoyo a las Victimas del Terrorismok), biktimen hiru elkartek, larunbat honetan Bilbon egingo duten manifestazioa debekatzea eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Izan ere, euren ustez, antolatzaileak ikertuta dagoen Herriraren edo legez kanpo utzita dauden Aministiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren ondorengoak dira.
"Tantaz Tanta ekimena, argi eta garbi, Herriraren azpiegiturak izan duen desegitearentzako erantzuna da, legaltasunaren azpian, bere aldarrikapenekin eta jarduerekin jarraitzeko", esan du APAVTk, eskaria egin duen azken kolektiboak. Hiru elkarteek bat egin dute, halaber, beste puntu batean: manifestazioa egitea terrorismoa goratzea izango litzateke (Kode Penaleko 578. artikuluan dago zehaztuta hori).
APAVTen ustez, larunbateko ekitaldian asmo bat dago: "ETAn egoteagatik edo ETArekin kolaboratzeagatik edo hildako eta zauritu asko eragin dituzten ekintzak egiteagatik zigortuta izan direnak goraipatzea, terrorismoaren goratze odoltsuan eta justifikazio publikoan zehar".
Hiru elkarteen iritziz, manifestazioa egiteak "biktimak gutxietsi eta makurraraziko" luke, nahiz eta ekimena "sozialtzat, publikotzat eta normalizatutzat" jo nahi duten. Santiago Pedraz epaileak, urtarrilaren 4an, Durangon egin zuten ekitaldia baimendu zuen; ETAko 60 bat preso ohik hartu zuten parte bertan.