Politika -

Euskal autogobernua

Erkoreka: 'Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko garaia heldu da'

"ETAren indarkeriak", alde batetik, eta "ilegalizazioek", neurri batean, autogobernuaren inguruko eztabaida "zenbait urtez galbideratu ostean" dator garai hori, Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera.

Josu Erkoreka. Argazkia: EFE.
Josu Erkoreka. Argazkia: EFE.
Josu Erkoreka. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, "Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko garaia heldu da". Horrela adierazi du igande honetan, elkarrizketa batean; "ETAren indarkeriak" eta "neurri batean, Estatu espainiarrak abisatutako ilegalizazioek" autogobernuaren inguruko eztabaida "zenbait urtez galbideratu ostean" dator garai hori, Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera.

Europa Pressekin izandako solasaldian, Erkorekak nabarmendu du egungo testuingurua "egokia" dela horretarako: "Foro eta arlo askotan dago zabalik Estatu espainiarraren inguruko eztabaida, Estatu autonomikoarena edo autogobernatutako lurraldeena", esan du. "Ondo legoke –gehitu du- Legebiltzarrak, euskal gizartea orain zuzen ordezkatzen duela kontuan izanik, erronka hori barneratzea eta etorkizuneko Euskadiren autogobernua nolakoa izan behar den hausnartzea".

Erkorekak onartu du Legebiltzarrean ezarriko duten estatus berriaren inguruko batzorde txostengilearen hasieran alde nabarmenak daudela alderdien artean, zeharkako akordio bat adosteko: "Euskal gizartea anitza da, eta bere ordezkaritza politikoa ere bada, euskal autogobernuarekin erlazioa duten iritzietan ere", zehaztu du.

Jaurlaritzaren bozeramailea, dena den, baikor azaldu da adostasun zabala lortzeko aukeren inguruan; izan ere, egoerari "ikuspegi konstruktibo batetik" eutsi nahi dio, eta uste du alderdi guztiak arduratsu joango direla batzorde txostengilera, "aurrean dagoen erronkaren garrantziaz jabetuta". Bere ustez, XXI. mendean zehar euskal gizarteak izango duen bizikidetza eredua da diseinatu behar dena.

Akordioa "posible", aldeak dauden arren

Bere iritziz, alde horiek ez lirateke oztoporik izan behar akordioa aurrera ateratzeko; hori bai, horretarako alderdiek borondate argia eta erantzukizuna erakutsi beharko dituzte. "Horrela –adierazi du- ondorengo hamarkadetan Euskadik izango duen autogobernuaren formularen inguruko akordioak lortu ahal izango ditugu".

Akordioa lortzeko euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea funtsezkoa den galdetu diotenean, Erkorekak esan du ez dela komeni batzorde txostengilearen lana baldintzatzea: "Alderdi bakoitza bere iritziekin, bere jarrerarekin, bere estrategiarekin, bere ideologiarekin eta bere planteamenduekin azalduko da; eta batzuen eta besteen arteko adostasunetik aterako da Legebiltzarrak erabaki beharko duena", esan du.

Gainera, nabarmendu du orain protagonista ez dela Jaurlaritza, Legebiltzarra baizik, "ahalegina egin behar du bertan dauden planteamendu politiko guztiak etorkizuneko autogobernuaren eremuaren definizioan bateratzeko. Jaurlaritzak ez du Legebiltzarra baldintzatuko, bere esku egongo da, eta, noski, lan teknikoren bat egin beharko balu (lan juridikoren bat, edo alderatutako analisiren bat, adibidez), gustura egingo luke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea