Politika -

'Nazka' eta 'amorrua'

AVT: 'Durangoko ekitaldia demokraziako lotsagarrikeriarik handiena da'

Angeles Pedrazak "amorrua, ezintasuna eta borrokan jarraitzeko gogoa" sentitzen dutela adierazi du, eta Dignidad y Justicia elkartearen ustez, "azkenean, beti terroristek irabazten dute".

Angeles Pedraza, AVT elkarteko presidentea. EiTB
Angeles Pedraza, AVT elkarteko presidentea. EiTB
Angeles Pedraza, AVT elkarteko presidentea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angeles Pedraza AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteak adierazi duenez, EPPKk antolatuta, 70 preso ohi bildu dituen Durangoko ekitaldia "Espainiako demokraziako lotsagarrikeriarik handiena da".

Elkarteko buruak esan du preso ohien argazkiak "nazka" sorrarazten diola, baina, gehienbat, "amorrua". "Orain ez dugu umilaziorik sentitzen, orain amorrua, ezintasuna eta borrokan jarraitzeko gogoa sentitzen dugu", azpimarratu du.

"50 urte hiltzen pasatu eta gero, hau ikustea Espainiaren demokraziako lotsagarrikeriarik handiena dela uste dut. Terroristen aurrean etsi duen herrialde baten irudia ematen zaio Europari eta munduari", aitortu du.

Pedrazak salatu du "tamalgarria" dela, hainbeste biktima eta gero, ETAko kideek nahi dutena lortzea eta horrelako ekitaldi bat antolatzea, "amnistia eta autodeterminazioa" eskatzeko.

"Hiltzeari utzita nahi dutena lortzen ari direla ikusita, horrela jarraituko dute. Eskatutako baldintzak bete gabe –barkamena eskatzea, kasu- kartzelatik irtetea zein erraza den ikusi dute", kritikatu du.

Egoera hori ekidin ahalko zela salatu du Pedrazak, ez ekitaldia debekatuta, baizik eta ETAko kideak espetxetik ateratzea ekidinda, Parot doktrina bertan behera uztean.

"Lehenago erreakzionatu behar genuen, kalera ateratzen utzi aurretik", aitortu du, eta AVTk egoera salatzeko baliabide guztiak erabiliko dituela iragarri du.

Dignidad y Justicia: "duineztasunaren eta inpunitatearen argazkia"

Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak salatu du Durangoko ekitaldia "duineztasunaren eta inpunitatearen argazkia" dela.

"ETAk antolatutako ekintza bat da, Auzitegi Nazionalaren oniritzia jaso duena, eta terrorismoari ahotsa eman zaio", kritikatu du Porterok.

Gainera, ekitaldiko "argazkia" "biktimenganako erabateko gutxiespenekoa" dela esan du, "Zuzenbidezko Estatuaz harrotu eta inpunitatea onartzen dutenek utzita".

"Azkenean, beti terroristek irabazten dute. Ahotsa eman diete, eta tristea da. Biharko argazkia hori izango dela uste dut", azaldu du, eta ekitaldian parte hartu duten presio ohiek "amnistia eskatuz, ETAren estrategiarekin jarraitu" baino ez dutela egin gehitu du.

Gainera, delituen kasuan Ertzaintzak behar bezala ez duela jokatu jakiten badu, haren elkarteak erantzukizunak eskatuko dituela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea