Politika -
Balantzea
Rajoyren balantze 'idilikoa' kritikatu du oposizioak
Balantzea 'idilikoa' egin duela kritikatu du oposizioak. Beraien ustez, Rajoyren kudeaketak eskubide murrizketak ekarri ditu, baina baita sozialak eta askatasunezkoak ere.
Oposizioan dauden alderdiek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen urteko balorazioa kritikatu dute eta "idilikoa" dela azaldu dute. Beraien ustez, Rajoyren kudeaketak langabezia gehiago eta eskubide murrizketak ekarri ditu, baina baita sozialak eta askatasunezkoak ere.
Oposizioko alderdi nagusien ustez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak balantze "idilikoa" egin du eta beraien ustez langabezia gehiago eta murrizketak baino ez ditu ekarri. Hori da Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren ikuspegia eta baita Cayo Lara Izquierda Unidako buruzagiarena. Rajoyk esan duenaren aurka, ezin da esan susperraldi ekonomikoa dagoenik, milioika langilek langabezian jarraitzen duten bitartean eta familiek txirotzen jarraitzen duten bitartean.
Hiru krisialdien urtean izan dela esan du Rubalcabak: ekonomikoa eta soziala, politikoa eta lurraldekoa. Langabeziaren, txirotzearen eta desberdintasunen urtea izan da bere ustez. B kontabilitatea, eskubide eta askatasunen atzeraldia eta Espainia eta Kataluniaren arteko tentsioak "zorroztu" egin direla esan du eta Gobernuak ez omen du ezer egin hori ekiditeko. PSOEko buruzagiak zuhurtasuna eskatu dio presidenteari eta "bereak ez diren dominak ez eskegitzea". Espainiar guztiei mezu bat luzatu die: "amesgaiztoa" amaitzen ari dela esan die eta PPko Gobernua "guztien aurka" aritu bada legegintzaldi honetan, datorrenean "guztion artean" botako dutela atzera.
IUko koordinatzaileak antzeko kritikak bota ditu: Gobernuko presidenteak "triunfalista" agertu dela adierazi du eta "kontakizun idilikoa" egin duela "urte beltz" batean. "Krisialdia atzean utzi duten bakarrak" bankariak, espekulatzaileak eta iruzurgileak direlarik. 2013an ez da "itxaropenerako atea" ireki, ez enpleguan ezta susperraldi ekonomikoan eta Rajoyren Gobernuarentzat "pisu handia" izan omen dute botere finantzieroek, ideologia "ultrakontserbadore" baten eskutik. Barcenas kasuari dagokionez, azken urtean "oztopatzen" saiatu dira PPko buruzagiak.
CiUk bere aldetik Rajoyren "ekimen politiko eza" goraipatu du eta Kataluniaren inguruko kudeaketa kritikatu du. Josep Antoni Duran Lleida CiUk kongresuan duen bozeramailearen ustez, "argi eta garbi huts egin du". Katalunia "Konstituziopeko baimena lortzen saiatzen ari da", bere ustez, eta Rajoyk "badaki erreferendum ez-lotesle bat baimendu dezakeela, Konstituzioaren 2. artikuluan eragina izan gabe".
Azkenik, Rosa Diez UPyDko buruzagiak "berriketa gutxiago eta errealitatearen zentzu gehiago" eskatu dio Rajoyri eta baita "bere Gobernuaren gaitasunik eza eta murrizketen politika pairatzen ari diren hiritarrei errespetua" ere. Diezen ustez, "gezurrak bata bestearen atzetik", hori da Gobernuak egin duena 2013ko balantzea aurkeztean. "Okerrena ez dira gezurrak, okerrena gezurrak eta gaitasunik eza dira".