Politika -

Autogobernuaren eztabaida

Eztabaidaren helburua argitzeko eskatu dute EH Bilduk eta PSEk

Aralarrek uste du estatus politiko berriari buruzko lantaldeak erabakitzeko eskubideari buruz ere hitz egin behar duela, eta Legebiltzarreko eztabaida Nafarroan ere egin behar dela nabarmendu du.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak EAJren jarrera kritikatu du, autogobernuari buruz eztabaidatzeko lantaldearen azken helburua zein den argi esaten ez duelako.

EH Bilduren ustez 'Euskal Bidea' adostea izango litzateke eraginkorrena, "mahai gainean orri zuri bat jarrita eta indar politiko bakoitzak bere helburuak bertan argi adierazita".

"Helmugak eta helburuak aurretik zehaztuta izatea beharrezkoa;  EH Bilduren helmuga argi dago: Euskal Herriarentzat subiranotasuna lortzea", azpimarratu du.

PSEk ere lan-taldearen helburua argitzea eskatu du

Alderdi Sozialistak uste du EAJk autogobernuari buruz eztabaidatzeko lan-taldea aurkezterakoan erakutsi duen "jarrera arduratsuak" elkar-ulertzeko bidea erraztuko duela. Nolanahi ere, eztabaida horren helburua zein den argitzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

"PSEk ez dio ezer eztabaidatzeari uko egingo; areago, eztabaida guztietara gure proposamenekin joango gara, baina Jaurlaritzak bere asmoak argi adierazi behar ditu", azaldu du Jose Antonio Pastorrek.

Bestalde, begi honez hartu du EAJk autogobernuaz eztabaidatzeko lan-taldea aurkezterakoan "independentzia" hitza erabili ez izana. Horrek adostasunak lortzeko bidea erraztuko duela iritzi dio Pastorrek.

Autogobernuaren eztabaida Nafarroan ere egin behar dela esan du Aralarrek

Patxi Zabaleta Aralarren idazkari nagusiaren arabera, Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruz eztabaidatzea ezinbestekoa da, baina lan-talde horretan erabakitzeko eskubideaz ere hitz egin behar dela azpimarratu du.

Horrez gain, autogobernuari buruzko eztabaida Nafarroan ere egin behar dela nabarmendu du, Euskal Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legea "zaharkituta" geratu direlako.

Eztabaida horretan gakoa erabakitzeko eskubidea izango dela ere adierazi du. "Puntu horretan denak egon behar gara ados, independentistak garenak eta ez direnak; izan ere, edozein akordioren ostean gizarteari eman behar zaio hitza eta erabakia", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea