Politika -
Kataluniako galdeketa
Rajoy: 'Galdeketa ez da egingo, Konstituzioaren aurka doalako'
Kataluniako herri-galdeketak “ezinegona eta zatiketa” eragiten dituela azpimarratu du Mariano Rajoyk.
Erredakzioa
Kataluniako herri-galdeketa egitea ezinezkoa dela berretsi du gaur Espainiako presidenteak. Ekimen horrek “ezinegona eta zatiketa” eragiten dituela azpimarratu du Mariano Rajoyk.
“Galdeketa Konstituzioaren aurkakoa da eta, horrenbestez, ezin da egin. Batzuk proposatu dutena kalte handia ekarriko luke Espainiarentzat eta, batez ere, Kataluniarentzat”, nabarmendu du 2013. urteko balantzea egiteko agerraldian.
Horren harian, egungo “bizikidetza eredua” defendatzeko “atsedenik gabe” lan egingo duela iragarri du.
“Ahalegin guztiak egingo ditut galdeketa horrek Kataluniako herritarrei eta gainerako espainiarrei kalte ez egiteko”, esan du.
Generalitateko presidenteari mezua bota dio Rajoyk, eta “espainiar guztiena” den “burujabetza nazionala” bere ez egiteko eskatu dio Artur Masi.
Pertsona “guztiekin” hitz egiteko prest agertu da Rajoy, “beti egin dudan bezala”, baina egitea ezinezkoa den zerbait egiteko ez eskatzeko igorri dio Kataluniako presidenteari.