Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jaurlaritzak autogobernu proposamenak aurkeztea eskatu die taldeei

Josu Erkorekak "erantzukizuna" eskatu die talde parlamentarioei, estatus juridiko berria adosteko.

Erkoreka: '35 urtetan Euskadiren estatutua ez da aldatua izan'

1:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "autogobernu proposamenak" aurkezteko deia egin die talde parlamentarioei, "EAJren plana zein izango den espekulatzen ibili beharrean".

"Egokiena taldeek euren proposamenen inguruan hausnarketa egitea izango litzateke", esan du, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean.

Horren ildotik, estatus berriari buruzko lantaldean "erantzukizunez" parte hartzea eskatu du, "eskuartean dugun erronka, etorkizuneko autogobernua zehaztea, oso garrantzitsua dela jakinda".

Erkorekaren esanetan, Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko hausnarketa abiatuko delako da garrantzitsua ekimena. Izan ere, gogorarazi duenez, "Gernikakoa lehen Estatutua izan zen, eta, hala ere, orain arte aldatu ez den bakarra izan da, 35 urte hauetan gauza asko aldatu badira ere".

"Katalunian ematen ari diren pausoak duela hamarkada bat eman genituen guk", azaldu du. Dena dela, testuinguru politikoa eta soziala ezberdina dela aitortu du.

Horrenbestez, Euskadin "estrategia propioa" abiatu behar dela eta, une honetan, "egokiena Legebiltzarra eztabaidaren protagonista izatea da".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea