Politika -
Ezohiko udalbatza
PSEk, PPk eta EAJk Igeldoren desanexioaren aurka egingo dute
Donostiako udalak ezohiko udalbatza egingo du ostiralean, udal-gobernuak Igeldoren desanexioari buruz duen jarrera azaltzeko.
Ostiralean saio monografikoa izango da Donostiako udalean eta PSE-EE, PP eta EAJ alderdien udal-taldeek Igeldoren desanexioa onartu duen foru-dekretua bertan behera uzteko eskatuko dute.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak udalbatza deitu zuen iragan astean, eta udal-gobernuak Igeldoren desanexioa onartzen duen dekretuaren inguruan duen jarrera azalduko dute. Halere, alkatea ez da bertan izango.
13:00etan hasiko da udalbatza. Axier Jaka Partaidetzako zinegotzia izango da parte hartzen lehena, Bilduk hala eskatuta. Gero, PSE-EE, PP eta PNV arituko dira eta Foru Dekretua bertan behera uztea eskatuko dute.
Iragan osteguneko ohiko udalbatza bertan behera gelditu zen PP, EAJ eta PSEko zinegotziak ez zirelako agertu. Igeldoren desanexioa onartu zuen foru-dekretua auzitara eramateko proposamena luzatu zuten alderdi horiek eta Izagirrek ez zuen onartu: horregatik ez ziren joan.
EH Bildu zein Gipuzkoako Aldundiak gainontzeko alderdiei eskatu die (bereziki EAJri) prozesua ez eramatea epaileen aurrera eta Igeldoko biztanleen erabakia "errespetatzea".
Gipuzkoako Aldundiko Gobernu Batzordeak "igeldotarren erabakia errespetatzeko" deia egin die instituzio eta alderdi politikoei eta Igeldoren desanexioa onartzen duen "foru-dekretuaren aurka" ez egiteko eskatu die.
Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak adierazi du ezin dela "igeldotarren borondatea ikuspuntu legaletik mugatu" eta gutxiago "interes politikoengatik".