Politika -
Udalerri berria Gipuzkoan
Igeldoren inguruko ezohiko bilkura deitu du Izagirrek hilaren 27rako
Bestalde, Donostiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretua epaitegietara eramateko proposamena aurkeztu dute asteazken honetan PSE-EEk, PPk eta EAJk.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Igeldoren inguruko ezohiko bilkura deitu du hilaren 27rako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo Donostiatik bereizi eta herri izendatu izana aztertzeko.
Izagirrek azpimarratu duenez, bilkura horretan alderdi politiko guztiek jorratu eta eztabaidatu ahal izango dute, "lasaitasunez, tratamendu berezia eskatzen duen gaia". Alkatearen hitzetan, "normaltasunez" onartu behar da Aldundiaren dekretua, "demokrazia jarduna" izan baita. "Lasai egon behar da eta udalerrien mugetako aldaketak onartu, ohiko jarduna baita", gaineratu du.
Edonola ere, oposizioko hiru taldeek (PSE-EE, PP eta EAJ) urgentziazko proposamena aurkeztu dute gaur bertan, Donostiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretua epaitegietara eraman dezan.
Oposizioko hiru alderdien esanetan, ez da egokia Izagirre Donostiako herritarren ordezkari izaten jarraitzea, Igeldoko bizilaguna delako eta Donostiako bereizteko ekimenaren bultzatzaileetako bat izan zelako.