Politika -

Urkulluk esan du Rajoyk eta Masek kontsulta adosteko denbora dutela

Lehendakariak Kataluniako Gobernuaren eta Parlamentuaren erabakiak errespetatzea eskatu du. Halaber, Euskadin ere erabakitzeko eskubidea "adostasunez" gauzatzearen alde egin du.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urkulluk Eusko Legebiltzarreko korridoreetan kazetariei esan dienez, "errespetu osoa" zor dio Katalunian 2014ko azaroaren 9rako independentziaren inguruan egin duten galdeketa deialdiak. Lehendakariak Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak "desberdinak" direla esan du, baina "ordezkaritzako demokrazian gaude eta erakundeen akordioak gizarteak berrestea planteatu ahal da". Gainera, hori orain arte "errespetatu" ez izana deitoratu du Urkulluk.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Kataluniako deialdia oraingoz "iragarpena" dela ekarri du gogora. Halaber, 2014ko azaroaren 9ra arte "Gobernu Zentralaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko edo Kataluniako alderdien arteko akordio baterako astia" badagoela eta hitzarmen horrek "kataluniar gehienen nahiak" ase ahalko dituela adierazi du Urkulluk. Kataluniako kontsultaren galderei buruz, ez du iritzirik eman.

Euskadi

Euskadiri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk "erabakitzeko eskubide adostua" babesten dutela adierazi du Urkulluk. Horrela, Euskadik norantza horretan egin lezakeen "bideak" oinarrian Legebiltzarreko taldeen arteko akordioa egon beharko litzatekeela esan du. Akordio hori, hainbat aldiz esan duen bezala, "gizarteak berretsi beharko luke kontsulta adostu eta legezko batean". Hain zuzen ere, Legebiltzarrean lantalde bat eratuko dute datozen egunotan, autogobernuaren eta Euskadiren estatus politikoaren inguruan jarduteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika albisteak Azken albisteak Urkullu Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Kataluniako prozesua zuzenean