Politika -

EiTB Nafarroan

'EiTBren seinalea LTD bidez Nafarroan zabaltzea legez kanpokoa da'

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak azaldu duenez, neurriak hartuko ditu, eta gutun bana bidali du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara eta Ministeriora.

Yolanda Barcinak Legez kanpokotzat jo du EiTBk seinale digitala zabaltzeko duen asmoa.Argazkia: EiTB
Yolanda Barcinak Legez kanpokotzat jo du EiTBk seinale digitala zabaltzeko duen asmoa.Argazkia: EiTB
Yolanda Barcinak Legez kanpokotzat jo du EiTBk seinale digitala zabaltzeko duen asmoa.Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBk Nafarroan duen hedapen sarearen digitalizazioa legez kanpokotzat jo du Yolanda Barcina Nafarroako Foru Gobernuko presidenteak, eta horren aurrean neurriak hartuko dituela iragarri du.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura hasi aurretik kazetariei adierazi dienez, presidentea den heinean legezkotasun printzipioa betetzea zaindu behar du, eta EiTBri legezkotasuna ez betetzea egotzi dio.

"ETB Nafarroan izaten ari den jokabidea legez kanpokoa da, ez baitauka esleitutako frekuentziarik", horren esanetan.

Barcinak duela gutxi Iñigo Urkullurekin izan zuen bilera hizpide izan du, eta errespetu instituzionala izateko eta atzera egiteko eskatu dio lehendakariari. Nafarroako presidentearen iritziz, "onartezina da diru publikoa helburu politikoak lortzeko erabiltzea".

Nafarroako Gobernuak gutun bana bidali die Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari eta Ministerioari.

EiTBk herritarren eskariari erantzun dio, Ayerdiren arabera

Manu Ayerdi EAJko Nafarroako parlamentariak azaldu duenez, EiTBk nafarren eskariari erantzunez hartu du seinalea digitalizatzeko erabakia.

"EiTBren erabakia ez da inolako esku sartzea izan, alderantziz. Nafarroako Parlamentuak eta nafarrek egindako eskari bati erantzuten dio", adierazi du.

Ayerdik Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu du: "Antza denez, Gobernua ez da gai nafarren gehiengoaren borondatea bere gain hartzeko".

Ramirezen esanetan, UPNren erreakzioa "zentzugabea" izan da

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak UPNren "erantzun obsesibo zentzugabea" kritikatu du, eta obsesioak albo batera lagata, herritarrei nahi dutena sintonizatzen uzteko eskatu dio Barcinari.

Horren arabera, Bilduk era guztietako ekimen instituzionalak jarriko ditu abian, baita Madrilen ere, eta EiTB Nafarroan normaltasunaz ikusteko eta entzuteko lanean jarraituko dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea