Politika -

Nafarroako txostena

'Terroristak' hezkuntzan ez jarduteko legeak aztertuko ditu Gobernuak

Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariak Guardia Zibilak Nafarroako D ereduaren inguruan egindako txostenagatik azalpenak eskatu dizkio Barne ministroari.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentaria. Argazkia: EITB
Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentaria. Argazkia: EITB
Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentaria. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terroristak, bortxatzaileak eta beste gaizkile batzuk irakasle lanetan aritzea saihesteko "neurriak" aztertuko ditu Espainiako Gobernuak, gaur Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak jakitera eman duenez, Guardia Zibilak Nafarroako D ereduaren inguruan txostena egin ondoren.

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak txosten horren inguruko galdera egin dio ministroari. Dokumentuaren arabera, Nafarroako D ereduko irakasleen % 5 ETArekin lotuta daude eta % 25 ezker abertzalearen inguruan daude.

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak gaizkile jakin batzuei irakasle lanak egitea saihesteko neurriak aztertuko zituztela aurreratu zuen bere egunean. Gaur, ministroak egitasmoa berretsi egin du.

"Guardia Zibilak eta Poliziak indarkeriazko erradikalismo guztiak ikertu behar ditu. Guardia Zibilak ez ditu irakasleak ikertzen", esan du. Barne ministroaren hitzetan, Uxue Barkosek berak ere interesa izan beharko luke hezkuntza, hizkuntza eta kultura "terroristen kutsadurarik libre" egoteko.

Uxue Barkosek txostena egin izana kritikatu du, eta azalpenak eskatu ditu: baimen judizialik gabe 1.600 irakasle zelatatu dituzten galdetu dio Geroa Baiko ordezkariak, baina ministroak ez dio erantzunik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea