Politika -

Giza Eskubideak

Mandelaren bidetik segitzearen alde egin du Urkulluk, bakea sendotzeko

Giza eskubideen René Cassin saria emateko ekitaldian egin ditu adierazpenok lehendakariak. Aurten, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) jaso du golardoa.

Errefuxiatuei laguntzeko Espainiako batzordeak jaso du Rene Cassin Saria. Argazkia: EITB
Errefuxiatuei laguntzeko Espainiako batzordeak jaso du Rene Cassin Saria. Argazkia: EITB
Euskadiko CEAR batzordeak jaso du Rene Cassin saria

0:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Nelson Mandelak egin zuen bideari jarraitzeko eskatu du, "Euskadin bakea eta bizikidetza betiko ezartzeko".

Lehendakariak giza eskubideen René Cassin saria emateko ekitaldian parte hartu du gaur goizean, eta bertan egin ditu adierazpenok. Eusko Jaurlaritzak ematen duen golardoa Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) jaso du aurten.

Ekitaldian Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiari aipamen berezia egin diote.

"Mandelaren tolerantzia, eskuzabaltasuna eta bizikidetzarako eta adiskidetzerako beharrezkoak diren baloreekin bat gatoz, eta balore horiek dira, hain zuzen ere, Jaurlaritzak bultzatuko dituenak", azpimarratu du Urkulluk.

Balore horiek Hegoafrikarako balio badute, Euskal Herrian ere erabilgarri izan behar direla iritzi dio lehendakariak.

Indarkeria amaitzeko eta bakea eta bizikidetza lortzeko bidegurutzean aplikatu beharreko bide-orriak "zalantzak" sorrarazten dituela onartu du. "Formula magikorik ez dago, baina bakea eta bizikidetza sendotu nahi badira, giza eskubideen errespetua izan behar da oinarria", erantsi du.

Lehendakariak adierazi du helburu hori lortzea ez dela erraza izango. Aitzitik, aurrera egiteko "iraganean gertatutakoaz ikastea" ezinbestekotzat jo du, eta iragana aurrera egiteko "oztopo edo aitzakia" bihurtzea saihestu behar dela nabarmendu du.

"Eragindako mina onartzea eta ematen ari garen urratsak atzeraezinak izatea ezinbestekoa izango da bizikidetzaren bidean aurrera egiteko", gaineratu du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea