Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Erkoreka: 'PPko bastioiak daude Atutxaren aurkako erabakiaren atzean'
EH Bilduren ustez, Espainiako Justizia sistema Gobernuak bere onerako erabiltzen duen "ariete politikoa" besterik ez da.
Erredakzioa
Atutxa auziaren "zoritzarreko epaia" etorkizunean Auzitegi Konstituzionaletik etor daitezkeen erabakien "erakusle txarra" izan daitekeela adierazi du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Gaur, Juan Maria Atutxa Legebiltzarreko presidente ohiak eta Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao Mahaiko kideek bere egunean jarritako babes helegitearen aurka egin, eta ezarritako kargugabetzeak eta isunak berretsi egin ditu Auzitegi Konstituzionaleko Osoko Bilkurak. Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik zigortu zituzten.
Jaurlaritza epaiarekin bat ez datorrela azpimarratu du Erkorekak Legebiltzarrean. Horren ustez, Auzitegi Konstituzionalean "PPk jarritako bastioiek" popularren onerako lanean ari dira dagoeneko. Bestalde, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak epaia "bidegabea" dela azpimarratu du. Espainiako Justizia sistema Gobernuak bere onerako erabiltzen duen "ariete politikoa" besterik ez dela gaineratu du Matutek.