Politika -
Polemikoa
Fernandez Diazen adierazpenak gaitzetsi ditu Eusko Jaurlaritzak
Ertzaintza "une oro legezkotasunaz arduratzen da", Beltran de Herediaren hitzetan. "Urraketen aurrean dispositibo guztiak" prest dituela ohartarazi du Segurtasun sailburuak.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren azken adierazpen "kirrinkariak" kritikatu ditu Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Preso ohiei egindako harrerak eta kale borroka ekintzak direla eta Ertzaintzaren jarrera kritikatu du Fernandez Diazek. Ertzaintza "une oro legezkotasunaz arduratzen da", Beltran de Herediaren hitzetan. "Urraketen aurrean dispositibo guztiak" prest dituela ohartarazi du Segurtasun sailburuak.
Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak ordena publikoaren eskumenak izango balituzte ETAko kideei egindako harrerak eta kale-indarkeria ekintzak gertatuko ez liratekeela ziurtatu du Barne ministroak gaur.
Adierazpen "kirrinkariak" direla adierazi du Beltran de Herediak agiri batean. Ertzaintza "une oro legezkotasunaz arduratzen" dela ziurtatu du sailburuak, eta "urraketa posibleen aurrean dispositibo guztiak" prest dituela erantsi du.
"Ertzaintza saiatzen ari da kale-indarkeria azken ekintzen aurrean. Horrela, atestatuak, miaketak eta atxiloketak egin ditu, gertatzen ari dena ikertzen ari da", azaldu du.
Horregatik, adierazpen "kirrinkariak" ulertzen ez dituela esan du Beltran de Herediak. "Guztiek, baita Alderdi Popularrak ere, Ertzaintza Euskadiko polizia integrala dela uste dugu, hortaz adierazpenak norabide horretan egin behar ditugu", adierazi du.