Politika -

LOMCEren aurkako protestak

Euskal hezkuntza sistema propioa eskatu dute ehunka lagunek

Ehunka pertsona kalera atera dira arratsaldean Euskadiko hiru hiriburuetan LOMCE legearen aurka.

LOMCEren aurka Bilbon egin den manifestazioa
LOMCEren aurka Bilbon egin den manifestazioa
LOMCE legearen kontrako mobilizazioak, euskal hiriburuetan

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona kalera atera dira arratsaldean Euskadiko hiru hiriburuetan LOMCE legearen aurka, ez ezartzeko eskatuz eta euskal hezkuntza sistema propioaren alde.

“Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki. LOMCEri ez!” lelopean egin dira manifestazioak. ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Ikastolen Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea eta Hik Hasi sindikatu eta taldeek deitu dituzte horiek.

Gasteizen 300 lagun inguruk parte hartu dute hiriko kale nagusiak zeharkatu dituen manifestazioan. Legearen aurkako eta euskal hezkuntza propioaren aldeko oihuak entzun ahal izan dira.

Bilboko manifestazioa plaza Biribilean hasi da eta Arriagan amaitu da.

Donostian, berriz, bilkura egin dute parte hartzaile kopuru urria zela eta. Boulevard Zumardian egin dute protesta eta amaieran lege berriaren aurkako komunikatua irakurri dute.

Hezkuntza sistema propioa

Manifestazioaren antolatzaileek lege berria ez ezartzeko eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko lan egingo dutela esan dute.

Alderdi politikoei, legebiltzarkideei eta Nafarroa eta Euskadiko Gobernuei LOMCE legea inondik inora ere ez ezartzeko, eta  Euskal Herriak bere hezkuntza sistema “kanpokoen esku-hartzerik gabe” eraikitzeko neurri guztiak erabiltzeko eskatu dute.

“Ez gara hutsetik hasiko. Ezarri nahi izan diguten lege eta dekretuen gainetik beste hezkuntza eredu bat sortzen joan gara”, zehazten du manifestuak.

Adierazi dutenez, eredu horren oinarrian leudeke ondorengoak: ikasle guztien garapena bermatuko lukeen hezkuntza, aukera berdintasuna eta kalitatea, Euskal Herriko curriculum propioa, hizkuntza eredu bakarra, eleaniztasuna eta hezkuntzaren erabakietan eta kudeaketan hezkuntza komunitatearen eta hiritarren parte hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea