Politika -
Konstituzionala
Fiskaltza Otegiri eta Usabiagari babesa ematearen kontra agertu da
Maiatzean, Konstituzionalak helegitea onartu zuen, eta aske utzi edo ez aztertu beharko du, baina Fiskaltza kontra agertu da dagoeneko.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari babesa emateren kontra agertu da; sei urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zien Gorenak, Batasuna Bateragune taldearen bidez birsortzen saiatzeagatik.
Fiskaltza Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitearen kontra agertu da; helegitea Gorenaren ebazpenaren kontra aurkeztu zuten Otegik, Usabiagak, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok.
Konstituzionalean aurkeztutako idazkiaren arabera, "indarkeriaren gaitzespena" egin ez dutenez, "legalitatearen bestaldean" kokatzen dira zigortuak. Gainera, Fiskaltzak esan du "zantzu askok" ezarritako zigorrak berresten dituztela eta atzemandako dokumentazioa eta emandako prentsaurrekoak horren adibide direla gaineratu du.
Maiatzean, Konstituzionalak helegitea onartu zuen, eta aske utzi edo ez aztertu beharko du orain.
Arnaldo Otegi kartzelan mantentzen duen auzi bakarra hauxe da, Bateragune auzia, baina Herriko Tabernen auziagatik behin-behineko askatasuna eman zioten. Hau da, Konstituzionalak zigorra bertan behera utziz gero, Otegi kalera atera liteke.
Otegi 2009ko urriaren 16an sartu zuten espetxean, Baltasar Garzonek aginduta, eta 10 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, Usabiagari bezala.
ANk frogatutzat jo zuen ETAren agindupean jardun zirela 2008 eta 2009 artean, eta, gainera, "agintari eta bultzatzaile" gisa aritzea egotzi zien.